Borrar
OIARTZUN

«Udalak atez atekoaren jarraipen komisioa sortuko du»

EGARRIZ

Lunes, 31 de mayo 2010, 17:54

Udalak atez atekoaren jarraipen komisioa sortzea onartu zuen asteazkenean, maiatzeko ohiko udalbatzarrean. Gobernu Taldeko sei zinegotziren aldeko botoarekin onartu zen komisioa sortzea, OiartzunBai-ko bost zinegotziak abstenitu egin baitziren. Sei hilabetez, atez atekoaren inguruko jarraipena egingo du komisioak, lortzen diren datuak gainbegiratuz, egon daitezkeen arazoak identifikatuz eta hobetzeko proposamenak eginez.

Erabakia Oiartzunen Gaikako Bilketa Era Arrazionalean Egitea Bultzatzen duen Plataformak aurkeztutako mozioa eztabaidatu ondoren hartu zen. Plataforma honek herri-galdeketa egitea eskatzen zuen, atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren artean aukeratzeko herritarrek. Alkateak plataformako kideekin adostu zuen bozketa komisioa sortzearen inguruan egin zedin. «Erabakiak datuak eskuartean ditugula hartu behar dira eta herritarrek denbora tarte bat behar dute atez atekoaren sistema ezagutzeko».

Denbora hori pasatakoan, berriz ere gaia, tartean herri-galdeketa egiteko proposamena, aztertzeko konpromisoa hartu zuen alkateak. Plataformako kideei komisioan parte hartzeko gonbita ere egin zien Etxeberriak. Hauek, euren artean eztabaidatu eta erantzuna emango dutela adierazi zuten.

Materia organiko asko

Oiartzunen atez ate 5.220 kilo materia organiko bildu dira gau batean. Azpeitian, berriz, 4.363 kilo jasotzen dituzte hamabost egunean 5. edukiontziarekin. Emaitza bikainak lortu dituzte oiartzuarrek hondakinak atez ate biltzen hasi eta lehen egunetan. Igande gauean 1.300 kilo materia organiko bildu zuten biltzaileek eta asteazken gauean, berriz, 5.220 kilo; igandean bildutakoaren laukoitza, alegia. Ontzi arinen bilketak ere goranzko bidea hartu du: astelehenean 1.000 kilo bildu ziren eta ostegunean, aldiz, 2.060. Asteartean 3.120 kilo paper eta kartoi bildu ziren.

Oiartzungo Udala 'oso pozik dago' orain arte lortutako emaitzekin. «Herritarrak hasiera-hasieratik hasi dira gauzak behar bezala egiten eta biltzaileak ere normaltasun osoz ari dira lanean», adierazi dute udal teknikariek. Aitor Etxeberriak alkateak oiartzuar oro zoriondu nahi izan du. Izan ere, «norberaren asmo onaz eta denon elkarlanaz jada frogatu dugu atez atekoaren eraginkortasuna».

Oiartzunek 9.945 biztanle ditu eta gau batean atez ate, Azpeitiak 14054 biztanlerekin 5.edukiontzian hamabost egunean baino materia organiko gehiago bildu du. Udal teknikariek jakinarazi dutenez, «kalitate oso oneko materia organikoa bildu da, bai igandean eta bai asteazkenean». Oiartzungo 650 familiak beren kabuz kudeatzen dituzte beren hondar organikoak. Datu horien arabera, egunean 622 kilo materia organiko autokonpostatzen da eta bertatik ongarria lortzen dute etxean konpostatzen duten familiek. Udalak ez du gasturik autokonpostatzen den materia organiko hori jasotzen eta tratatzen. Orain aste bete, materia organiko hori guztia zabortegira eramaten zen eta osasun zein ingurumen arazoak besterik ez zituen sortzen bertan. Orain, konpostatu eta ongarria lortuko da hondar organiko horietatik; izan konposta plantan edo izan norberak bere etxean.

Oiartzunek hartu du «hondakinen arazoari konponbide erreala emateko bidea; ohitura aldaketa txiki batekin birziklapen-emaitza oso eraginkorrak lortu ahal izateko norabidea, alegia». Usurbil, Hernani eta Oiartzunen artean 37.000 gipuzkoar dira ia zaborrik sortzen ez duten herritarrak eta Oiartzungo Udalaren iritziz, «Gipuzkoako Foru Aldundiak eman egin beharko du Usurbilgo Itunean hainbat sindikatu, gizarte eragile eta alderdi politikok errauste-plantarentzat eskatutako sei urteko moratoria; herritar asko ari baita gauzak behar bezala egiten hori lortzeko».

'Martxa onean'

Aportazio guneak, larrialdi puntua eta garbigunea funtzionamenduan dira. Aportazio guneak oraindik irekita baldin badaude ere, laster giltzaz itxiko dira eta bertako giltza atez ateko informazio bulegoan jaso behar da. Hasieran behin behineko garbigunea Gaetxe poligonoan (Iturriotz) jartzekoa bazen ere, Talaia poligonoan (Arragua) jartzea erabaki du udalak. Asteartetik larunbatera egongo da irekita 10:00tik 13:00ra eta 15:00tik 20:00ra.

Herrian jada ez da kontenedorerik geratzen, beirarentzako iglu berdea soilik dago kalean. Gauero bi kamioi eta lau biltzaile aritzen diren hondakin atal ezberdinak atez ate biltzen. Orain erabiltzen dituzten kamioiak behin behinekoak dira, Udala txikiagoak eta isilagoak diren berrien zain baitago. Bilketa sistema berria martxan oraintxe jarri denez, informazio bulegotik «hondakinen bilketarekin arazoren bat izan duen herritarrari horren berri emateko» eskatu dute.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Udalak atez atekoaren jarraipen komisioa sortuko du»