Oihana Iguaranek aurrera egin du Bertsolari Txapelketa Nagusian

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Durangoko Landako gunean izan zen igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen itzuliko laugarren eta azken finalaurreko saioa. Bertan izan zen Amasa-Villabonako Oihana Iguaran eta lortutako puntuei esker, abenduaren 2an Iruñean izango den finalaurrekoen bigarren itzuliko saiorako txartela eskuratu du.

Durangoko saioan Aitor Mendiluze andoaindarra izan zen garaile 740,5 puntu eskuratuta. Miren Amurizak 678,5 lortu zituen. Jon Maiak, 675; Oihanak 671; Iñaki Apalategik, 648; eta Miren Artetxek, 639. 2.100 bertsozalek jarraitu zuten zuzenean saioa.

Igandekoa izan zen Txapelketako finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa. Horrenbestez osatu dira jada bigarren itzulikoak. Hilaren 19an, Amurrion: Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Hilaren 26ean, Donibane Lohizunen: Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Agin Laburu, Jone Uria, Julio Soto eta Iñaki Apalategi. Abenduaren 2an, Iruñean: Aitor Mendizabal, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Alaia Martin.

Fotos

Vídeos