Borrar
Pilotalekuan bildutako jendeak eztiak dastatzeko aukera izan zuen. ARGAZKIAK: JOSE MARI LÓPEZ

Erlezain Egunak hogei urte bete ditu

Gipuzkoako eztigileen txapela Elduaina joan da, Simon eta Luis Nazabalen etxera. «Udalak inplikatzen ari dira liztorraren kontrako borrokan eta eskertzekoa da», dio Galartza albaitariak

FELIX IBARGUTXI

ZEGAMA.

Astelehena, 19 martxoa 2018, 07:50

Comenta

Erlezain Egunak hogei urte bete ditu. Atzo ospatu zen Zegaman hogeigarren Erlezain Eguna, barruan Gipuzkoako Ezti Txapelketa zela, eta txapela Elduaingo herrira joan zen. Simon eta Luis Nazabal aita-semeek egindako eztia juzgatu zuen onena epai-mahaiak. Bigarren tokian irundar baten eztia gelditu zen, Jesus Miqueleizena, eta hirugarren postua Hernaniko Jesus Aranbururentzat izan zen.

Familiaren izenean Luis Nazabal azaldu zen oholtzara saria jasotzera. Txapela jantzi ostean azaldu zuenez, ezti iluna da saritutakoa, batik bat gaztainaz eta inarraz osatua. «Etxe inguruan ditugu erlauntzak, hamazazpi-hemezortzi, eta jeneralean abuztu aldera ateratzen dugu ezti guztia», esan zuen Nazabalek. Orain dela zortzi bat urte ere eskuratu zuten Nazabaldarrek Gipuzkoako txapela. Kezka dute liztor asiarrarekin, «baina azkeneko urte honetan gutxiago ibili da. Tranpa ipin-tzen diegu eta asko erortzen dira».

Elduainen bi erlezale omen daude, eta inguruan -Berastegin- beste bi, bata Eldu auzoan.

Miqueleiz irundarrak, berriz, Ventas auzoan ditu erlauntzak. Badira hogeita lau urte erle artean dabilena, eta bere ezti-potoak batik bat akazia eta gaztaina omen zituen.

Eta hirugarren sailkatuak, Jesus Aranburu hernaniarrak «Hernani eta Goizueta bitartean, Urumea bailaran» ditu erlauntzak. Mila loreko ezti iluna zen gizon honek aurkeztutakoa.

Txapelketa honetara 21 poto aurkezten dira beti: aurreko urtean zazpi eskualdeetako txapelketetan lehen hiru postuak eskuratutako potoak, alegia.

Arabarren berezitasuna

Epaimahaian bazegoen sektoreko kide ezagun bat, Egoitz Galartza albaitaria. Aldamenean, Erlezain Eguna babesten urte asko emandako bi lagun: Jokin Arrospide -Mahala enpresako burua- eta Rafa Gorrotxategi tolosar gozogilea. Eta baita Apial elkarteko -Arabako erlezainen elkarteko- bi lagun: Arantxa Ortiz eta Olivier Gil.

Arabarrok azaldu zutenez, bere lurraldean «miel crema» delakoa egiten dute erlezainek. «Zera egin izan da beti Araban eztia likido uzteko, kristalik sortu ez dakion: eragin zurezko koilara batekin edo antzeko zerbaitekin; bi astetan zehar, egunero hamabost minutuko saioa. Orain aparatuak daude».

Erlezainak

  • 1 Luis eta Simon Nazabal (Elduain). Mila loreko eztia, batik bat gaztain eta inarra.

  • 2 Jesus Miqueleiz (Irun). Akazia eta gaztaina eztia.

  • 3 Jesus Aranburu (Hernani). Mila loreko eztia, nahiko iluna

Egoitz Galartza Gipuzkoako erlezainen elkarteko albaitaria da. Honela mintzatu zen atzokoan, iazko uztaz galdetu zitzaionean: «Erlaun-tzean eta eztian eguraldiak agintzen du. Iazko udaberrian, akaziaren garaia iritsi zenean, oso eguraldi egokia egin zuen hainbat egunetan zehar, eta hori albiste pozgarria izan zen. Gaurko txapelketan ere ikusten da: sei poto akazia hutsekoak dira. Esango nuke hasierako akazia horren ondorioz mila loreko eztiak onak atera zirela».

Albaitari honen lan handienetako bat liztor asiarraren kontrola da. «Udalak inplikatzen ari dira eta esker-tzekoa da. Erlezainek tranpak ipini ohi dituzte eta liztor asko erortzen dira horietan. Denek antzeko formula darabilte: alkohola -garagardoa- eta gozoren bat -ziroparen bat-. Gero, uztailean eta abuztuan, habiak desegiten hasi beharko dugu; lehenago ezin izaten dugu, habia txikia denean zaila izaten baita ikusteko».

Ohi bezala, ezti oso desberdin ba-tzuk dastatzeko aukera izan zuen pilotalekuan bildutako jendeak. Beste mahai batean jogurta eskaintzen zen, eztiarekin eta polenarekin nahastuta. Eta handik gertu, Rafa Gorrotxategik malbabisko karameluak prestatu zituen lehengo erara, aspaldiko aparatu baten bitartez.

Festari bukaera emateko, Gipuzkoako gozogile ezagun batzuen produktuak -pastelak, tartak...- eskaini zitzaizkien bertaratuei, aurreko urteetan bezalaxe.

Eskola-umeen marrazki lehiaketako sariak banatu ziren baita ere. Seigarren mailako onenak Ainitze Maizkurrena eta June Collado izan ziren; bosgarren mailakoak, Maddi Urbizu eta Nahia Lizarribar; laugarrenekoak, Julen Galdos eta Ane Moran; hirugarrenekoak, Enetz Goiburu eta Iraitz Urkia; bigarrenekoak, Aratz Aizpeolea eta Irantzu Zubeldia; eta lehenengo mailakoak, Ander Otaegi eta Garazi Albizu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Erlezain Egunak hogei urte bete ditu

Erlezain Egunak hogei urte bete ditu