Giro ezin hobean hasi da 'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioa
Ostiral arratsean jokatu zen belaunaldien arteko bertso desafioaren lehen saioan Xabier Zeberio eta Aratz Igartzabal bikotea sailkatu zen finalerako
ION MUÑOA
Martes, 12 de abril 2016, 00:18
Joan den ostiral iluntze eta gaua bereziak izan ziren Zerainen. Aurten lehen aldiz Zerainlab-ek antolatu duen 'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioaren lehen saioa jokatu zen eta arrakasta itzela izen zen. Bertso maila ona, giro beroa, umorea nagusi eta jendea ondo pasatzen. Hori izan zen ostiraleko bertso festak utzi zuena.
Desafio honetan bertsolariek hiru lekutan kantatzen dute eta aldi bakoitzean entzule direnek ematen dute bikote gustukoenaren aldeko botoa. Lehen bertsoaldia Ostatu tabernan jokatu zen 19:00etan. Xabier Zeberio eta Aratz Igartzabal bertsolariak batetik, eta Iñaki Murua eta Maialen Akizu bestetik. Hasieratik elkarri adarra joz eta belaunaldien arteko gaiarekin elkar zirikatzen ibili ziren, eta laster sortu zituzten gau guztian nagusi izango ziren lehen barre-algarak.
Ostatutik Mandiora igo, eta han, taberna leporaino beteta zela, bigarren saioa egin zuten bertsolariek. Txisterik ere utzi zuten bertaratutakoen gozamenerako. Sekulako barreak eragin zituzten eta giroa bero-bero egin zen. Bigarren puntuaketa eman zuten han ziren entzuleek eta Mandiotik Oiharte sagardotegira jaitsi ziren afaltzeko izena emanda zirenak. Afalostean jokatu zen hirugarren eta azken bertsoaldia. Afaltzen eta entzuleen artean, gazteenak mahaira justuan iristen ziren haurrak eta zaharrenak laurogehi urtetik gorakoak. Guztiek gozatu zuten bertso, ateraldi eta sortutako giro apartarekin.
Azken saioaren ostean, entzuleek azken epaia eman zuten. Orduan kontatu zituzten botoak eta Xabier Zeberio eta Aratz Igartzabalek lortu zituzten puntu gehien: 90 guztira. Iñaki Muruak eta Maialen Akizuk, berriz, 57 eskuratu zituzten.
Datorren ostiralean, berriro
Lehen ostiral honetan, jende asko bildu zen bai tabernetako saioetan eta baita afaltzen ere. Antolatzaileak «oso gustura» agertu dira «izandako erantzunarekin, mailarekin eta giroarekin». Bigarren saioa, datorren ostiral honetan izango da. Millan Telleria eta Gemma Urteaga batetik, eta Mikel Mendizabal eta Eneko Araiztegi bestetik arituko dira kantari. Aurrekoan bezala, lehen saioa 19:00etan Ostatun izango da; bigarrena Mandion 20:00etan eta hirugarrena afalostean Otatza sagardotegian.
Afaltzera joateko lehenbailehen sagardotegira bertara deituta izena ematea komeni da. Lehen saio arrakastatsuaren ondoren, ziur datorren ostiraleko finalerdian ere izango dela bertsoarekin gozatzeko aukera. Nahi duenak, hitzordua egina dauka.