Gure ‘zirtzilu’ eta ‘ailara’ unibertsalon ohoretan

Botilaren etiketa, zirtzilu edo ailaga egile unibertsal guzien ohoretan/
Botilaren etiketa, zirtzilu edo ailaga egile unibertsal guzien ohoretan

Leitza-Goizueta eta Zumaia-Getaria auzalanean lehengo zurezko pieza haien nondik norakoa argitzeko

PATZIKU PERURENALeitza

Askok ez dakite, eta esan dezadan zer diren zirtziluak eta ailarak: barrikak eta zurezko bestelako ontzi biribilak estutzeko erabili izan diren zumeak, oraingo burdinezko eraztunen paper berbera egiten dutenak. Gogoratzen sardin zaharren ontzi biribil haietan izaten ziren zurezko eraztun haiek? Haietxek ba!

Leitza-Goizueta aldean udal aktak hasten direnetik ageri da zurezko arrain barriken zirtziluak egiteko kontua. Hasieran lizarra aipatzen da, baina gero hurritza, gehienbat. Honatx aipamen bat edo beste, zertaz ari naizen jabetzen joan zaitezen, urterik urte:

 1534: «… de manos de Bernardo de Goiçueta ferron de Urdiñola treze florines de moneda por los derechos de los fresnos / idem de manos y poder de Joanes de Arano y el dicho Bernardo de Goyçueta ferrones de Eleuna por los fresnos…».

1554: «… por el dinero del fresno de dichos montes llamado liçardiru cortando asta el ultimo dia de deziembre». Hona berriz faksimilaren bukaeran: … el dinero del fresno llamado liçardirua».

Zeinen ederra ‘lizardiru’ hori. Nik uste nizun -diru hori -sari baino berriagoa zela gure lexikoaren osaeran, baina ez: mezasari edo bidesari bezain eder eta zahar zirela dirudi, menditik itsasora, miletatik bi aipatzearren, larrediru edo balediru hitzak.

1556: «… abian arrendado a remate de candela el fresno de los terminos de leyça pa hazer cercillos al dicho Garzia de Ezcurra por quoatro ducados y medio…».

Gero hurritzak hartuko dio txanda lizarrari, eta tarteka arku edo ailara hitzak zirtzillu behialakoari. Baina lizar eta hurritz, biak batera ere hartzen ziren errentan:

1581: «… ciento y cincuenta faxos de arcos de avellano que labró en Leyçalarrea Fco de Ariçaga».

1618: «… nuebe ducados de la renta del monte de abellanos de Leyçalarrea para çercillos o allaras para arquear las barricas para la mar».

Horra zertarako izaten ziren. Hobeki esaterik ez baitzegoen. Bertako portuetan erabili ez ezik, itsasoz esportatu ere egiten baitziren mundu zabalera, gure basoetako zirtzillu edo ailara unibertsalok:

1624: «... seis ducados y quatro reales de la arrendacion de los montes avellanos de Leiça Larrea de çercillos y allaras para Andalucia y parte de Yndias».   

Eta zirtzilugintza errentan hartzen ez zuenen bat harrapatu ezkero ailaga egiten basoan, isuna pagatu behar, Arretxenetxikiko Joxepe honek bezala Leitzalarrean 1736 urtean: «ocho reales de multa a Joseph de Elberdin por haberle pillado con dos cargas de cellos que trabajó en Ybarrola».

Eta Leitzakoak osatzeko, honatx zaharrago eta nobleagoak, Pedro Nafarroako azken mariskalak Goizueta-Orreaga arteko auzian 1510ean finkatu zuen araudian, (GDZ, 55. or.) :

Cercillos: «que los dichos vecinos de Goyçueta en los dichos seles puedan hazer çerçillos para si y para vender a su propia voluntad».

Eta mende bete lehenago, hara nola dakarren Yanguasek bere hiztegi sonatuan:

Sercieillos, cellos de cuba. «15 cargas de sercieillos para guarnir las cubas de su casa». Don Karlos III.ak Olitera bidali omen zituenak 1401ean. Ez duzu, beraz, atzo goizeko ihintza gure basoetako zirtzilugintza.

Gehiago luzatu gabe, ikus 'Dakiguna ikasten' liburuko 107-108 orrietan esandakoak, ahal baduzu lastoa kenduz, eta kontuan izan langite honek sekulako inportantzia izan zuela, menderen mendetan, batez ere zurezko upel, barrika eta beste arrain ontzien zirtziluak egiteko. Eta nork ez ditu ikusi zirtziluok, edozein dendatan, sardina zahar gazituen barrikotan edo antzekoetan?

Lekeitio aldean «arenken atabalak» ere deituak (Ikerne Garamendi). Hamaika aldiz erosiak Goizuetan, dozena erdika, Lubineko dendan, oraindik ni ere baden mutiko kakazu hark, amak agindu aldiro. Usain sarkor hura datorkit oraindik sudur zuloak betean.

Oraindik euskal sen apurrik badugunoi zirtzillu hitzak ebokatzen diguna lekuko. Horra, gure garaian jende pobrearen lotsa berpizten zuen sorkaria, gure basoa eta itsasoa xalo demonio uztartuz, munduan barrena paseoan, gosea neurri, zinezko turismoan. Bai, beti haundikeria urrutian ederregi asmatuen egarri zaren naziogile jator hori, barkatu, berrizkoan ere zirtzillu unibertsalokin umilatu bazaitut.

Eta erdaraz «cercillos, allaras, arcos, aros, cellos» eta abar deitu sorkari honi, zenbat modutara deitu ote zaio euskaraz? Zinez mereziko luke ongi aztertzeak... Niri hitzetik hortzera adituak datozkit: zirtzillu, ailaga, karela, ustai, eraztun… Alvaro Aragon Ruanoren ‘El bosque guipuzcoano’ lanean ere ailaga, aulaga, ailaras aipatzen dira maizenik, eta Nafarroa aldeko Basaburua ttiki honetatik Gipuzkoako kostara jauzi eginez, hara zeinen erlikia ederrak bidali dizkidan Xabier Azkue adiskideak Zumaiatik martxoaren 16an, ostiral arratsaldez:

«Hire zirtzilu kontu haiek etorri zaizkidak gogora, aste honetan egin dudan ikerketa bategatik. Oñatiko protokolo artean 'Hallaragillenecoa' topatu diat».

Handik zortzi egunera, nafar kaxkar fiakaitz honen pozerako, berriz ere datu berriak Xabier Azkuek Zumaiatik: «Erantsita daukak bigarren erreferentzia, 1775ekoa, kasu honetan ‘Allaraguilenea’; hipoteka beste batek egina duk, baina aurreko Mugertza ageri duk abal-emaile. Nire hipotesi eder jostari horietakoa kontatuko diat: hemen Artadi auzoan Allain izeneko erreka eta pinudia zaudek, eta nik uste ahozko Allain horren atzean Ailaragain dagoela». «Seguru baietz» nik, «burumakur kuzkurtua hortxe egonen duk lotsaturik, betiko moduan kanpoeder akonplejatuok despreziatua».

Ez hori bakarrik, gehiago ere esan dit Xabier Azkue zumaiarrak: «Gainera gure amak ezagutu zuen ‘tuelero’ edo ‘tonelero’ bat ondoko baserrikoa omen zuan».

Eta Oñatiko Protokoloen Artxiboko dokumentu originala sarean ikusi nahi izatera, honatx Xabierrek berak emandako datuok: «Año de 1769 Libro primero de Hipotecas del pueblo de esta Villa de Zumaya. Escribano: Juan Ygnacio de Errazti». Aurrez aipatu Allaragilenea, berriz, 113 orri atzean omen dator.

Baina ama Brigida Ibarbia oroimen argikoak Getariako ailara kontuak ere berritu omen dizkio seme Xabierri: «Berriz ere galdezka hasi eta, hor non esaten didan amak halako getariar 'Allaillekoa' dela! Jarri nauk harremanetan haietako batekin, eta amaren aitona zela barriketarako uztaiak egiten zituena, eta etxekoek txakolin berezi bati izen horixe jarri berri diotela: Aialle. Hara botilaren etiketa, bere irudi xuhur eta guzi, gure zirtzilu edo ailaga egile unibertsal guzien ohoretan. Honetara ezkero, ondo irabazia izanen ahal dugu Aialle bana: Brigida, Xabier... Topa!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos