EAEko Eskola Jantokien Batzordea eratu da

Jaurlaritzako hainbat sail, ikastetxeko publikoetako ordezkariak, guraso elkarteenak eta sukaldeko langileen ordezkariak biltzen ditu batzordeak/I. A.
Jaurlaritzako hainbat sail, ikastetxeko publikoetako ordezkariak, guraso elkarteenak eta sukaldeko langileen ordezkariak biltzen ditu batzordeak / I. A.

Euskadiko lau ikastetxe publiko ari dira parte hartzen programa pilotuan, aplikazio maila ezberdinetan. Ekoizpenaren eta ekonomiaren ikuspegitik eta pedagogia eta hezkuntzaren alderditik heldu nahi diote jantokien kudeaketari

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Eskola Jantokien Batzordea eratu da ostiral honetan eta lehen bilera egin du Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Hezkuntza Sailak bultzaturik, Jaurlaritzako hainbat sail, ikastetxeko publikoetako ordezkariak, guraso elkarteenak eta Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldeko langileen ordezkariak biltzen ditu batzordeak.

Eskola jantokien kudeaketaren inguruko hausnarketa partekatua eta egun EAEko eskoletan dauden kudeaketa eredu ezberdinen inguruko hausnarketa egiteko gune izan nahi du Eskola Jantokien Batzordeak. Bere helburu nagusia da, zenbait eragile eta elkarteren esperientziak eta proposamenak entzun ondoren, eskola jantokien egunerokoan dauden hainbat errealitate hobeto ezagutzea, ondoren eskola jantokietan garatu daitezkeen kudeaketa eredu berrien aukerak aztertzeko. Hezkuntza Sailak adierazi du "jarrera irekia" duela "bestelako zenbait kudeaketa eredu ezartzeko aukeraren aurrean".

Era berean, batzorde eratu berriak mahai gainean izango duen beste alderdi bat eskola menuetan bertan ekoitziriko produktuak erabiltzeari buruzkoa izango da. Ekoizpenaren eta ekonomiaren ikuspegitik eta pedagogia eta hezkuntzaren alderditik heldu nahi zaio gaiari, bertako lehengaien eta bertako ekoizleen lanaren balioa nabarmenduz.

Horretarako, Eskola Jantokien Batzordeak datozen hilabeteetan gai honetan zeresana duten hamar bat eragile nahiz elkarteren esperientziak eta proposamenak ezagutuko ditu zuzenean, besteak beste, 'Gure platera, gure aukera' ekimenak proposatzen duena, Hezkuntza Sailak babesten dituen proiektu pilotuetako esperientziak eta tokiko ekoizleen elkarteek egiten dituzten proposamenak.

Lehen bilera

Eskola Jantokien Batzordearen lehen bileran parte hartu dute Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Arantza Madariaga Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren zuzendariak, Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, Lurdez Imaz Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko (EHIGE) koordinatzaileak, Igone Azpiroz Zarauzko Lizardi Institutuko zuzendariak eta Irantzu Gallastegi Gasteizko Aranbizkarra Ikastolako zuzendariak eta LAB sindikatuko Iolanda Fermoso, sukaldeko langileen artean gehiengoa duen sindikatua baita.

Gaur egun, Euskadiko lau ikastetxe publiko ari dira parte hartzen jantokien autogestio integralerako Hezkuntza Sailak babesturiko programa pilotuan. Jantoki eredu honetan ikastetxeko guraso elkarteak beraiek arduratzen dira jantokiaren kudeaketa osoaz, lehengaiak erostea barne. Ahal den neurrian, erosketa horiek bertako ekoizleei edo merkatari txikiei egiten zaizkie.

Programa pilotuan parte hartzen ari dira, aplikazio maila ezberdinetan, Markinako Bekobenta HLHI, Gernikako Allende Salazar HLHI, Mungiako Laukariz HLHI eta Urduña HLHI ikastetxeak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos