Borrar
Haur talde bat Bizkaiko diputatu nagusiarekin batera sokatiran Smithsonian Folklife Festibalaren barruan.

Euskara azaldu zaigu mundura

Hizkuntzak pisu berezia izan du Smithsonian Folklife Festivalaren hasieran

GAIZKA LASA

Jueves, 30 de junio 2016, 08:49

Hasi da Smithsonian Folklife Festival deritzona. Euskaraz hasi ere. Antolatzaileek iragarri ziguten euskaldunen hizkuntza izango zela ekitaldiaren ardatzetako bat eta Washington Post egunkariak ere horixe nabarmendu zuen atzoko atalean. «Their ancient and unique language» edo «their determination to preserve their language». Horrelako loreak botatzen zizkiguten gehigarri batean.

Munduko ondare kultural desberdinen sustapena izanik erakunde antolatzailearen xedea, logikoa ere ikusten genuen. Asmoa nola gauzatu, horixe zen ikusmina. Paya bertsolariak eman zion hasiera jaialdi erraldoiari, Washington erdigunean dagoen amerikar indiarren museoan.

Inaugurazio ofizialaren atariko moduko bat aurkeztu zuen bertako agintarien aurrean Euskadiren egitasmoak zertan datzan azalduz. Bertsotan, noski. Habanera doinuarekin, horrela bota zuen: «Arratsaldeon Washington, nire izena da Xabier/ gaur ekarri dizkizuet hamaika opari eder/ bazen behin artzain gazte bat, mendian bazterrik bazter/ lamia talde batekin elkartuko zena laster/ Dancers will tell us a story, prepair for this you have better/ old beliefs and new expressions were to fuse sooner or later/ bearing in mind our traditions, we look forward to the future; lets enjoy a good example, of innovation by culture».

Smithsonian ekitaldirako Euskadik aukeratu duen leloarekin bertsoa bukatu zuenerako, ia erori zen aretoa. Txalo zaparrada kanpoaldean erortzen ari zen trumoiaren parekoa izan zen.

Lamia atera zen jarraian, Lucía Lacarra dantzari zumaiarra. Euskal mitologia eta paisaiak uztartzen zituen ikusentzunezko batek lagunduta eskaini zuen emanaldia eta, han geunden gehienok bezalaxe, hunkituta bukatu zuen. «Ohore handia da gure kulturaren ospakizuna hasteko, non eta hemen Washingtonen gure dantzan pentsatu izana. Edozein antzeztokitan egin dezakezun horretatik aparte geratzen baita hau, bere zentzuagatik. Esperientzia ez dut sekula ahaztuko». Berrikuntza izan zela, alegia. 'Aukeran' taldeko kideek dantzatu zuten aurreskuan izan zen bezalaxe. Musika gabe, ahots baten doinu eta letraz lagunduta.

Lehenengo ilaran eserita zegoen John Garamendi kongresista demokrata eta bere emaztea izan ziren zutik jartzen lehenak, areto guztia altxaraziz, ikuskizunak merezi zuen bedeinkapena jaso zezan. Minutu batzuk beranduago, Smithsonian Institution izena daraman eraikuntzan harrera ofiziala egiteko ekitaldia izan zen. Mahai borobilak, janari eta edaria nahi adina, musika -Mikel Markez tartean-, soineko luzeak... Eta bertan hitzalditik baino show formatutik gehiago zeukan agerraldia egin zuen euskal diasporaren erreferentea denak. Beste behin, hizkuntza aldarrikatu zuen. Euskara «fenomeno harrigarri» gisa aurkeztu zuen amerikar enfasiak dakartzan oihuak tarteko.

Harridura sortzen duen horrek bisitari mordoa erakarri zuen National Mall gunean jarri den euskal erakusleihora ekitaldiaren lehen egunean. Eta bertan zein topatu eta Payak bertsoan aipatutako artzaina. Martin Goikoetxea, Wyomingen bizi den Gorritiko semea. 1966an, 18 urte zituela etorri zen Estatu Batuetara, euskara beste hizkuntzarik ezagutzen ez zuela. «Ardi manejadore» lanetan hasi omen zen 12 urterekin abiatu zuen bertsolari ibilbideari etena jarriz. «Kaxiano Ibargurenekin egin nuen lehenengo saioa», dakar oraindik gogora. Ez zaio ahaztu ordea. Barruak ikututa, doinuari ia ezin eutsirik bukatu zuen atzoko inaugurazio ekitaldi ofizialean botatakoa: «Euskera eta kultura azaldu zaigu mundura».

Bertsoa nola eraiki

Azken hamarkadan bertsoaren bitartez euskara Estatu Batuetan ezagutzera eman dela dio Goikoetxeak. Batek daki horrek lagundu dion Euskadiri Smithsonian erakundearen gonbitea jasotzeko. Kontua da lehendik harrituta zeudenak, are eta txundituago joan zirela atzo etxera Martinen azalpenak entzun ostean. «Bertsoa nola eraikitzen den jakin dezatela da helburua» dio eta Estatu Batuetako ingelesa erabiliz emandako ikasgaiak ez dauka preziorik. Antzeko zereginetan ibili zen Xabi Payaren aburuz «euskaraz botatako berrogei bertso bezain beste balio du ingelesez botatako batek». Jendeari erantzuten ari zen bitartean, askotan burura etorri zitzaion gogoeta onartu zigun Goikoetxeak. «Denbora hartzen dudanean, bertsoaren dinamika ingeles hizkuntzarekin ere probatzeko saiakera egin behar dut. Posiblea izango litzateke».

Gune didaktikoa bilakatu zen, beraz, euskaltegia, bertso plaza eta ostatua barne hartzen dituen ingurua. Habeko José Francisco Zinkunegiren esanetan, «hizkuntza aurkezten ari gara, oinarrizko hitzak erakutsi eta norbaitek interesa izango balu, non ikasi dezakeen ere azalduz». Hogei hiri daude Estatu Batuetan euskara ikasi ahal izateko. Bakarra ekialdean, New Yorken hain zuzen ere. Egun hauetako bultzadak Washingtonen ere euskaltegia irekitzeko aukera eman dezakela uste du Zinkunegik. «Helburua bertan bertarako irakasleak sortzea da».

Anekdota bitxiak utzi zituen kultur topaketak. Sabrina izeneko emakume heldu batek esaterako, etxean euskal irrati eta telebistak entzuten dituela onartu zigun, internet bidez, tutik ere ulertzen ez bazuen ere, hizkuntza polita iruditzen zitzaiolakoan. Nancy izeneko beste neska batek berriz, euskaldun jaio izan nahiko lukeela esan zuen, kultur ondare aberats bat gorde ahal izateko. Eta Ryan izeneko Californiatar batek bere aiton amonei -jatorriz euskaldunak- bihotzez opari bat eman nahian ikasi zituen 'kaixo', 'ongi etorri' eta 'maite zaitut'.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskara azaldu zaigu mundura

Euskara azaldu zaigu mundura