Alaia Martin oiartzuarra zuzenean sailkatu da finalaurrekora

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia larunbatean hasi zen, hilak 23, Baigorrin. Lehenengo saio horretan, Oiartzungo bi bertsolari handi izan ziren: Alaia Martin eta Ander Lizarralde. Hauez gain, Mikel Artola, Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea eta Xabi Maia aritu ziren bertsotan.

Baigorriko pilotalekuan izan zen saioa. Jendetza bertaratu zen bertso-saiora, 600 bat lagun. Zortziko handian, txikian eta hamarreko txikian aritu ziren binaka, eta puntua emanda banaka. Kartzelako gaia honakoa zuten: «Komisandegitik deitu dizute agertu dela esanez».

Hiruna ahapalditan erantzun zuten: Mikel Artolak eta Beñat Ugartetxeak mugikorra eta ezkontza eraztuna berreskuratu zuten hurrenez hurren; Aimar Karrika, Alaia Martin eta Xabi Maia seme-alaba komisaldegian agertu zitzaien gurasoak izan ziren; eta Ander Lizarraldek laguna hilik agertu zitzaionaren larrutik aritu zen bertsotan.

Lan guztiak eginda, Alaia Martinek lortu zituen puntu gehien; 712 hain zuzen. Ander Lizarraldek, berriz, 627 punturekin bukatu zuen saioa. Horrela bada, Alaia Martin oiartzuarra azaroaren 1ean Irunen izango den finalaurrekorako sailkatu zen. Guztira hamalau saio izango ditu txapelketa nagusiak eta finala, Barakaldoko BEC-en jokatuko da abenduaren 15ean. Oiartzunen ere izango da kanporaketa saioa, hirugarren finalaurrekoa; azaroaren 16an 17:30ean, Elorsoro kiroldegian.

Fotos

Vídeos