Mitoak bizitzeko aukera, Ataunen

Pregoilaria, Aizpurua, Samartin Txiki, Diez de Salazar, Torto, Akerbeltz eta Zaldua. /F.I.
Pregoilaria, Aizpurua, Samartin Txiki, Diez de Salazar, Torto, Akerbeltz eta Zaldua. / F.I.

'Mitoaldia' ekitaldi sorta antolatu dute. Azaroaren 4an 'Jentilen etorrera' egingo da

FELIX IBARGUTXI

Datorren asteari begira 'Mitoaldia' izeneko ekimena jarri dute martxan Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, helburua delarik Jose Migel Barandiaranek jasotako kontakizun zaharrak transmititzea. Ekitaldiak Ataunen izango dira, batzuk Barandiaran Museoan, besteak herriko kaleetan eta kiroldegian. Eta ekitaldi nagusia azaroaren 4an izango da, beste urte batzuetan ere egin izan den ‘Jentilen etorrera’ delakoa.

Hasteko, mitologia lantzeko tailer batzuk egingo dira herriko ikastetxeetan, hilaren 30etik azaroaren 3ra. Azaroaren 1ean ‘Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak' izenburupean, Marimunduko eta beste zenbait pertsonaiak antzezpen labur batzuk egingo dituzte Barandiaran Museoan, goizeko 11etan eta 12:30ean, aurrez izena eman behar delarik.

Azaroaren 3an, iluntzeko 7etan, Toti Martinez de Lezea gonbidatu berezia izango da museoan. 'Mitologiaren bidezidorretatik' izenburuko solasaldia egingo du, euskaraz. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharra dago, toki mugatua baitago.

'Jentilen etorrera' ikuskizuna

Ekitaldi printzipala larunbatean izango da, azaroak 4: 'Jentilen etorrera: Ataunen mitoak bizirik' ikuskizuna. Jose Migel Barandiaranek jasotako istorio eta mito batzuk antzeztuko dituzte ataundarrek aurreko urte batzuetan bezala. Ohi bezala, pertsonaia mitologikoak gorpuztuko dituzte herritarrek, hala nola Torto, Samartin Txiki, Akerbeltz eta lamiak. Ongietorria San Martin auzoko plazan egingo zaie 18:15ean, eta handik oinez joango dira antzezleak eta ikusleak kiroldegiraino. Ikuskizunaren lehenengo saioa 19:00etan hasiko da, bigarrena 21:00etan. Sarrerak doakoak izango dira eta aldez aurretik eskuratu ahal izango dira Jentilbaratza Kultur Elkartearen webgunean.

Jentilbaratza elkartearen izenean Maitane Aizpuruak hitz egin zuen Donostian Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean. "Jose Migel Barandiaranek izugarrizko lana egin zuen, baserriz baserri ibili zen, sukaldeetan kontatzen ziren ipuin zaharrak biltzen. Izugarrizko altxorra utzi zigun. Ipuin haiek informazio handia ematen digute kristautasunaren aurreko gizarteaz, jende haren sinesmenez".

Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko zuzendari Luis Mari Mujikak, berriz, goraipatu egin zuen Jentilbaratza elkartearen lana: "Elkarte honek 80tik gora bazkide ditu, eta 100dik gora lankide. Horiek denek lan egiten dute 'Jentilen etorrera'-n eta udako 'Gau ibilbide magikoa'-n. Honek esan nahi du ataundarren %10ak jarduten duela. Herri eta hiri handietan bizi garenok badugu zer ikasirik herri txikietako jendearengandik. Ez dago dirurik horrelako jendearen lan-ordu guztiak ordaintzeko. Zergatik egiten duten horrenbeste lan? Beste irtenbiderik ez dutelako, Ataun bezalako herrietan ez daude hiriburuan dauden baliabideak". Elkarte honen iraupenak atentzioa ematen du: 37 urte daramatza lanean.

Zalduak esan du Mitoaldia "ekitaldi anbiziotsua" dela eta "irauteko asmoarekin" jaio dela. "Orain Jentilbaratza elkartekoekin elkarlanean jardun garen bezala, aurrerantzean beste erakunde batzuekin ere ariko gara".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos