Erraustegia barne hartuko duen parte-hartze prozesua eskatu du GuraSOSek
Elkarteak azaldu duenez, astearte honetan aurkeztu duten ekimen juridikoak «erraustegiaren obren lizitazioaren suspentsio automatikoa dakar», Diputazioak «hilabeteko epea» duela erabaki bat hartzeko
dv
Martes, 5 de julio 2016, 15:18
Maiatzaren 7an Lasarte-Orian sortu zenetik, urrats ugari egin ditu GuraSOSelkarteak. Azkena, astearte honetan Donostian aurkeztu dutena da, Foru Aldundiari eskatuz abian jar dezala erraustegia barne hartuko duen parte-hartze prozesu bat. GuraSOSen izenean, Joxemari Izeta presidenteak aurkeztu du ekimena Foru Aldundiko erregistroan.
GuraSOSen ordezkarien hitzetan, eskaera aurkezteak «erraustegiaren obren lizitazioaren suspentsio automatikoa dakar». Foru Aldundiak hilabeteko epea izango luke gaiaren inguruko erabakia hartzeko. «Inork ondoan nahi ez duen azpiegitura batek gure seme-alaben osasunarengan izan dezakeen eraginak kezkatuta» sortu zen elkartearen ustez, ekimenak zabaldu egingo du «Foru Aldundiak hurrengo GHHKPOren (Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorra) bitartez martxan jarri nahi zuen parte-hartze prozesua, erraustegia egiteko erabakia bera ezbaian jarriz».
Izan ere, duela aste batzuk Foru Aldundiak jakinarazi zuen Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala onartu baino lehen parte-hartze prozesua bultzatuko zuela, «nahiz eta baztertzen zuen deliberazio prozesu horren mendean uztea Donostiako erraustegia eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakia».
«Funtsezko eskubidea»
Parte-hartze prozesuaren hasiera erabat finkatu gabe dago oraindik, nahiz eta aurreratu zuten ekaina-uztailean prozeduran zein elkarte parte hartuko duten zehaztu ondoren, «prozesua bera irail-urrian egingo zela». Ia aldi berean, hastear egon beharko lirateke, Foru Aldundiak aditzera emandakoaren arabera, erraustegiaren «eraikuntza eta emakidarako lizitazioari ekiteko izapideak». «Gainera azaldu dute GuraSOSeko ordezkariek- modu generikoan, gehiago zehaztu gabe, jakinarazi dute hasierako proiektua birneurriratu egingo dela eta aurreikusitako kudeaketa zuzena aldatu egingo dela ekimen pribatuari leku eginez».
Hori guztia kontuan hartuta, GuraSOSek ekainaren 16an aurkeztu zuen partaidetzarako Herritar Elkarteen Foru Erregistroan izena emateko eskaria. GuraSOSek parte-hartze prozesua zabal dadin eskatzeko duen arrazoi nagusia honakoa da: «Hiri-hondakin solidoen gainean abian jarri nahi den edozein parte-hartze prozesuk bere xedetik erraustegia eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakia baztertzen badu, ez dio erantzuten gipuzkoarrak eskatzen ari direnari eta, hortaz, alde batera uzten du gizarteak duen funtsezko eskubidea berari eragiten dioten erabaki publiko garrantzitsuetan parte hartzeko».
«Herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartzeko duen giza eskubidea» aldarrikatuz eta horrek ematen duen «legitimazio demokratikoa» alegatuz egin du beraz eskaera, «herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauak, arrazoien azapelean» dioen bezala.
Bi planen artean
GuraSOSek gogoratu du hiri hondakinen kudeaketari dagokionez bi planen artean dagoela Gipuzkoa. Batetik, 2002tik 20016ra bitarteko Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko plan orokorraren (GHHKPO) iraunaldia amaitu da, «aurreikusia zegoen erraustegiaren eraikuntza gauzatu ez dela». Hurrengo plana izapidetzen hasi da Foru Erakundea, ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoaren fasean dagoena. GuraSOSen ikuspegiaren arabera, plan berriak «berriro-berrirotik hartu beharko du azpiegitura honen [erraustegiaren] egokitasun eta premiaz erabakia, eta ezingo du adierazi erabaki hori aurreko planean hartu zela; izan ere, botere publikoak erabat aske dira egungo zirkunstantziei egokituriko erabakirik onena hartzeko, aurreikuspena gauzatu ez denez, eta zirkunstantziak aldatu direnez ordutik hona, eta, dudarik gabe, gizarteak gai horretaz eztabaidatzeko eskubide legitimoa du»,
Erraustegiaren administrazio-izapideak bizkortzea «instalazioaren eraikuntzaren lizitazioa aurreko GHHKPOa iraungi baino lehen egin dadin, noiz eta jada plan berriaren hausnartze fasean abiatuak daudenean arduragabekeria izango litzateke» GuraSOSen iritziz, eta gizarteak hartuko luke «gizarte eztabaida saihesteko maniobratzat».
«Konbentzituta gaude foru arduradunek ez diotela ostu nahi gizarteari eztabaidatzeko eta eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakian parte hartzeko eskubidea, eta horregatik egiten dugu eskari hau, aintzat hartua izango delako konbentzimendu osoan» adierazi dute, gogoratuz herritarren partaidetzari buruzko Eskareran oinarri juridikoak xehetasun handiz aurkeztu ondoren, ondorioztatu dute Foru Arauak aurreikusten dituen eskakizunak erabat betetzen direla ekimenak aurrera egin dezan».
Eztabaida «lasai eta heldua»
«Gizarte moderno eta demokratikoan ezin zaio gizarteari ukatu gai publikoetan zuzenean parte hartzeko eskubidea, hark hala eskatzen duenean. Are gutxiago lege eta araudi bideak badirenean xede hori betetzeko» adierazi dute, eta azpimarratuz proposatu duten «partaidetzazko deliberazio prozesuaren» ezaugarri nagusietakoa dela «akordio sozial eta politika bilatzea». «Gizartea nazkatua dago hainbeste liskar eta tentsioz, eta arazo honen aurrean akordio handi bat nahi du», diote, eta uste dute koiuntura ere bikaina dela, «hiri-hondakinak kudeatzeko plan berria» onartu behar delako. Hartara, «partaidetza-prozesua plan berria onartu baino lehen egin behar da, eta horretarako ez du egon behar ez baldintzatzailerik eta ez mugatzailerik aipatutako akordioa lortzeko, 1/2010 Foru Arauko 16.3 artikuluan aurreikusitako esparruaren barruan».
«Eztabaidak lasaia, heldua, sakona, grinagabea eta proaktiboa» izan behar duelakoan, gizarteak protagonismo handia izan behar duela diote, eta, horretarako, Jarraipen Batzorde bat sortzea proposatu dute «foru-ordezkari eta gizarte-ordezkariez osatua, zeinek bere zereginen artean izango duen deliberazio prozesuaren eta ondorengo jarraipenaren diseinua adostea».
Azaldu dute «konfiantza osoa» dutela Aldundiko arduradunengan, eta ziur daudela bere eskaera onartua izango dela. «GuraSOSek ez du inongo momentutan epaitu edo kritikatu Aldundiko arduradunek erraustegiaren azpiegiturari buruz daukaten gaur egungo iritzia. Ez du zalantzan jartzen euren borondate ona eta erantzukizuna orokorrean gipuzkoarren eta zehazki haurren osasunarekiko», diote, ezta «alderdi politikoen borondate ona» ere. Azkenik, GuraSOSek Diputazioko eta Batzar Nagusietako alderdi politikoekin elkartzeko eskaera egingo duela aurreratu dute.