Sustrai Colinaren erakustaldia Amurrion
Bigarren Beñat Gaztelumendi izan da eta, hurrengo bi finalaurrekoetan ezusteko handirik ez bada, añorgarra ere izango da BECen
dv
Igandea, 19 azaroa 2017, 21:19
Finalaurrekoen lehen itzulian ederki aritu zen Sustrai Colina. Tokatu zitzaion saioa, Bastidakoa, 705,5 punturekin irabazi eta zuzenean igaro zen bigarrenera. Beñat Gaztelumendi ere halaxe heldu da Amurrion abiatu den bigarren itzulira, bere saioa irabazita, Colinak baino puntu gutxixeagorekin. Igande arratsalde honetan, 1.300 entzuleren aurrean, hurrenkera horretantxe gelditu dira: Colina garaile, 701 punturekin, eta Gaztelumendi bigarren, 694,5ekin. Hurrengo bi finalaurrekoetan, Donibane Lohizunen eta Iruñean, ezusteko handirik ez bada, BECen izango dira, finalista, une honetan hurrenez hurren Xilabako eta Gipuzkoako txapela buruan duten Colina eta Gaztelumendi.
Sustrai Colina merezita jarri da sailkapenari tiraka, hasi eta bukatu, goitik ibili baita. Kartzelakoan borobildu egin du erregulartasunagatik ez ezik mailagatik ere aipagarria izan den saioa. Gainerakoak bezala «gsaina sumatu eta urduri jarri zara» gaiari heldu behar izan dio.
Beñat Gaztelumendi, esan bezala, bigarren izan da, 694.50 punturekin. Hirugarren, berriz, agurrean BECen egoteko aukerak zalantzan jarri dituen Jon Maia. Zumaiarrak 681.5 puntu bildu ditu saioan zehar egindako lanetan.
Gainerako bertsolariek zailago izango dute azken urratsa egin eta txapela jokatuko duen zortziko taldean egotea, nahiz eta azken egunera arte ezin den ezer ziurtzat jo. Laugarren izan da Nerea Ibartzabal, txapelketako sorpresetako bat, 675.5 punturekin; bosgarren Jon Martin, 668,5 punturekin, eta azkeneko postua 615 punturekin gelditu den Etxahun Lekuerentzat izan da. Bizkaiko txapelduna, hain zuzen, askoz ere makalago ibili da puntuen aldetik bigarren itzuli honetan aurrenekoan baino.