Sufritu duenaren eguneroko poetikoa

Martin Bidaur, liburuaren aurkezpenean./F.I.
Martin Bidaur, liburuaren aurkezpenean. / F.I.

Itu Bandako Martin Bidaurrek lehenbiziko liburua atera du: 'Itzulera'

FELIX IBARGUTXI

Itu Bandako kide den Martin Bidaurrek 21 urte ditu eta dagoeneko lehenbiziko liburua plazaratu du: 'Itzulera'. "Pelotoitik ihes egin du", esan zuen Susa etxeko editore Gorka Arresek aurkezpen-ekitaldian. Poetak, berriz, "eguneroko poetiko" moduan definitu zuen emaitza, eta uste du eguneroko izate horrek osotasun eta koherentzia ematen diola emaitzari.

Bilduma honetako poema aspaldikoenak 2014koak dira. Berez, liburua halako bidaia bat da, haurtzaroari buruz dihardute lehenbiziko poemek, gaztaroaz hurrengoek.

Martin Bidaurrek ez du nolanahiko haurtzaroa izan. Nortasun-agiriko izen-abizen ofizialak Peru Iparragirre ditu eta, gurasoak, berriz, Mikel Antza eta Soledad Iparragirre, poliziak 2004an atxilotutako etakideak. Goitizen literarioa ez da kontu guztiz berria. 'Lekore' aldizkarian ere halaxe sinatu izan ditu testuak.

Hain zuzen ere, bildumako lehen-lehenengo poeman, esplizituki ez bada ere, agertzen da gurasoen atxiloketa. Orduan zortzi urteko haurra zen idazlea. Hona hemen olerkiaren bukaera: "historia hautsitako souvenir batez hasi zen / orain dela hamabi urte / egunkarietan agertu zen etxe batean".

Bost atal ditu liburuak, eta lehenbiziko lauretan tonu "depresibo eta fatalista" ageri da, idazlearen esanetan. Baita ere, "iragana ulertzeko halako saio bat" ere. "Ihesa" omen da hitz gakoetako bat. "Norberaren azaletik ihes egiteko desira adoleszentea dago, etxetik eta ikastetxetik ihesa ere badago", adierazi du Bidaurrek. Tartean dira Paristik Euskal Herrira itzultzeari buruzko testuak ere. Baina azken atalean, bosgarrenean, aldatu egiten da giroa. "Hor badago etxearen onarpena, bizitzaren onarpena".

Gurasoak preso gelditu ostean, Martin Bidaur Parisen bizi izan zen. Honela definitzen du hiria poema labur batean: "Ezleku kolosal / sentitzen dut / hiri hau".

Editatzeko garaian, Gorka Arrese editorea ez ezik, Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi poetak ere izan zituen laguntzaile. Hauen gomendioei esker "liburua izugarri hazi da, eta nik neuk ere asko ikasi dut", esan du idazleak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos