Sarriegik Iruñeko finalaurrekoa, Agirrek BECeko azken aulkia

Gogotik jo zuten txalo Anaitasuna betetzen zuten entzuleek./ALBERTO ELOSEGI/XDZ
Gogotik jo zuten txalo Anaitasuna betetzen zuten entzuleek. / ALBERTO ELOSEGI/XDZ

Sari handiena orain dela lau urte, Sarriegirekin puntutan berdinduta, finalaren atari-atarian gelditu zen bertsolari hernaniarrak jaso zuen atzokoan

BIANDITZ IRAOLAIRUÑEA

Azken finalaurrekoa. Abenduaren 17an BECen jokatuko den finalerako azken aulkiak jokoan. Tentsioa airean, eta gordetzekorik ezer ez. Orain arteko saio borobil eta beroena izan zen atzo Iruñeko Anaitasunan, 2.690 ikusleren aurrean, jokatu zena. Hasieratik bukaera bitartean fin aritu ziren sei bertsolariak, eta saria izan ala ez, besarkada batean bildu ziren behin saioa bukatu ondoren.

Une horretantxe argitu zen zein bertsolari batuko zaizkion finalean Amets Arzallusi. Finalaurrekoen bi itzulietan pilatutako puntuen arabera, hurrenkera honetan sailkatu dira finalerako, nahiz eta han hutsetik abiatuko diren denak: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Hortik beherakoek, zenbaitzuk Iruñeko puntuen berri izan arte hurrengo urratsa egiteko aukera bazuten ere, finaletik at gelditu dira.

Aitor Sarriegi nagusitu zen atzo, askogatik izan ez bazen ere, eta bigarren postuan utzi zuen Aitor Mendiluze. Honakoa izan zen atzoko sailkapena:

1. Aitor Sarriegi 698,5

2. Aitor Mendiluze 696,5

3. Unai Agirre 696

4. Miren Amuriza 652

5. Alaia Martin 649,5

6. Oihana Iguaran 646

Edonola ere, oholtzan zeudenetan sari handiena Unai Agirrek jaso zuen. Orain hurrena Sarriegirekin puntutan berdinduta finaletik kanpo geratu ondoren, oraingoan BECen izango da.

Elkarrekin bertsotan

Sarriegik eta Agirrek, hain zuzen, hamarreko txikian kantatu zuten elkarrekin, nerabezaroan anorexiko izandako bi lagunen azaletik. Urte batzuk joanak ziren harrezkero, eta erosketak egiten elkar topo egin zuten. Agirre hasi zen, printzipioz gai serioa zenari buelta emanez: «Urte haiek ez ziran pasatu hain alai / zulotik ertetzeko biok ez ginen gai / baina han indartu ginan Aitor eta Unai / begiratu hutsean konturatu naiz ai / ni ondo sendatu naiz baina zu ere bai». Sarriegik alde nabarmen hori indartu zuen: «Estimatuta dago milesker laguna / nik ere ahaztu nahi det hain garai iluna / ta orain sentitzen det nik askatasuna / begiratu karroan orain daukaguna / lehen urte osoan jango ez genduna».

Agirrek lehengoari eutsi zion: «Garai bat izaten da txoroa txepela / egon behar nuena argal ta zimela / orain ispilura joan ta ohartzen naiz bela / gizena ikusten naiz orduan bezela / baina orain badakit gezurra ez dela». Sarriegik, berriz, bikain itxi zuen saioa: «Egin geranez gure bizitzaren jabe / jatetxeren batera egin daigun alde / eta goza dezagun xuabe xuabe / ospa dezagun baina zera ahaztu gabe / orduan zeuden batzuk oraindik han daude».

Zortziko txikian ere bizi ibili zen elkarrizketan, Alaia Martinekin oraingoan. Beasaindarrak barazki biltegi bat zuen, eta oiartzuarraren lehen lan eguna izaki, lantegia erakusten hasi zitzaion. Hozkailu barruan zeudela, ordea, atea itxi hasiberriak. Eta barrutik ezin ireki. Lehen bertsoetan hotzari buruz aritu ondoren, irtenbide bila aritu zen Sarriegi jarraipena ematen: «Lasai etzait igoko neri kalentura / hartu ote didazu hozkian itxura / zure edadeko neska guztien modura / mobila poltsikoan izango dezu ba». Marka gerok, baina ez, mugikorrik ez zuen Martinek: «Jo juxtu ahaztu zait nahiz ta euki beharra / nobioakin eduki dut lehen lixkarra / izozteak berez du gauza ez hain txarra / betiko bizitzeko da era bakarra».

Tarte zabala umoreak

Aipatzekoa baita Miren Amurizaren eta Aitor Mendiluzeren lana ariketa berean. Amuriza magoa zen, Mendiluzeren herrira joana. Ikuskizuna hasi eta Mendiluze trikimailuak agerian uztea, dena bat. Hasarrerako gutxi faltan hasi zen magoa: «Magoaren bizitza erraza balitza / errazago entzungo nuke zure hitza / albotik hau ta hura mintza eta mintza / desagerrarazteko eskatzen zabiltza». Mendiluzek trikimailu hori ere agerian utzi zion: «Kejatu egiten naiz txarra zeralako / nahiz hainbat trikimailu izan aukerako / desagerrarazi nahi saia zaite bapo / hori ere ez zaizu ondo aterako».

Umoreak askotan egin zuen tartea, beraz, atzoko saioan; hasieratik. Zortziko nagusian Ohiana Iguarani lehen erakusketa zabaldu berri zuen artista izatea tokatu zitzaion. Azaldu zitzaizkion guztiak, ordea, Agirre bere aita eta haren lagunak baino ez ziren. «Saritzeko nola den Oteizaren hutsa / ta zuk noski alaba nahi zenuen bultza / zinez estimatzen det guztien laguntza / etorriko al ziran gero ez balitz luncha». Interes falta egotzi zion aitari, beraz. Baina harek lotsarik gabe aitortu zion arrazoia: «Alaba eman nahi nizun egun hotan babes / baina ez didazu uzten gauza oso errez / luncharena ez zazu aipatu mesedez / ez ziran etorriko eta neu ere ez».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos