Oihana Iguaran irabazle Leitzako saioan

Oihana Iguaran eta beste bertsolariak Leitzako saioaren momentu batean. /GARI GARAIALDE / XDZ
Oihana Iguaran eta beste bertsolariak Leitzako saioaren momentu batean. / GARI GARAIALDE / XDZ

Durangoko finalaurrekoan kantatzeko tokia ziurtatu zuen Amasakoak atzo jokatu zen hirugarren final laurdenean

.

Asteburu honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiak bi final laurden izanagatik ere, igandean ere bertsozale ugari hurbildu zen Leitzan jokatu zen txapelketaren hirugarren saiora. 1.200 ikus-entzule inguruk jarraitu zuten Oihana Iguaran, Julio Soto, Agin Laburu, Oihana Bartra, Unai Agirre eta Iñaki Apalategi bertsolarien jarduna, Maider Ansak gidatuta.

Ordena horretan aritu ziren eginbeharreko lanak betetzen -binaka hiruna bertso zortziko handian; binaka hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lana-. Azken bakarkako gairako Maider Ansak aurkeztutakoa, hauxe: "Zure giltza sortatik, giltza ateratzen ari zara". Udaleko bere kargua uzten ari denaren paperetik aritu zen Iguaran; bikotekidearekin harremana eten berri duenaren gisan Soto; gurasoen etxetik doanaren larruan jarri zen Laburu; sosik gabe etxera itzultzen denaren ahotik, aitzitik, Bartra; eta etxerik gabe geratu direnen gorputzetik Agirre eta Apalategi.

Puntuazio osoa zenbatuta, Ansak eman zuen sailkapenaren berri: Oihana Iguaranek lortu zituen puntu gehien Leitzako saioan: 714, hain zuzen. Haren ondotik, hauxe izan zen puntuazioa: 686 Agin Laburuk, 685 Iñaki Apalategik, 678,5 Julio Sotok, 674,5 Unai Agirrek, eta 619,5 Oihana Bartrak.

Honenbestez, Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan izango da Oihana Iguaran; Aitor Mendiluze izango du bertsokide, oraindik zehazteke dauden beste lau bertsolarirekin batera.

Hiru final laurden jokatuta, beste hiru daude jokatzeke. Zallan eta Zumaian izango dira hurrengo hitzorduak eta www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke sarrerak. Alaia Martin, Jon Martin eta Oihana Iguaran izango dira finalaurrekoetan kantuan, aurrez sailkatuta zeuden Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio bertsolariekin batera. Gainerako parte-hartzaileak datozen asteetan ezagutuko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos