Diario Vasco

Arantzazuko fraide oso maitatu bati buruzko liburua

Euzkitze, Nikolas Segurola, Iñaki Beristain eta Eduardo Urarte, atzo Donostiako KMn.
Euzkitze, Nikolas Segurola, Iñaki Beristain eta Eduardo Urarte, atzo Donostiako KMn. / MICHELENA
  • 'Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari' plazaratu da, eta larunbatean omenaldi egingo diote, Arantzazun

Arantzazuko frantziskotarrak beste ordena batzuetakoak baino ezagunagoak dira. Seinale ona. Jende askok izan du hartu-emana Nikolas Segurolarekin, bateko artzain, gaztagile eta Artzain Eskolako sortzaileetako bat izan delako; eta bestetik, bertsolari, bertso-jartzaile eta bertso-epaile izan delako. Baditu urte batzuk, osasunak ez dio asko lagundu azkenaldian –begi bat aspaldi galdu zuen, bestetik gutxi ikusten du, eta entzumena ere dezente galdu du– eta errekonozimenduen garaia etorri zaio. Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak omenezko liburu bat plazaratu du, eta larunbat honetan omenaldi egingo zaio Arantzazuko Gandiaga Topagunean, goizeko 11etan hasita.

Hiru parte ditu liburuak. Lehenengoan, haren fraide-izaera azaltzen da, eta arlo horretaz Arantzazuko beste frantziskotar bat arduratu da: Iñaki Beristain. Gero, Nikolas artzain eta gaztagilea aztertzen du Eduardo Uriarte albaitari arabarrak. Eta hirugarren atala, Nikolas bertsozaleari buruzkoa, XabierEuzkitzek landu du.

Euzkitzek egin du koordinazio-lana. Berak erabaki zuen portadan nolako argazkia behar zen. Aipatutako hiru alderdiak biltzen dituen argazkia nahi zuen, eta hor ageri da Nikolas, mikrofono baten aurrean bertso kantari, soinean frantziskotarren abitua, atzean ardi batzuk. Mikrofonoa ez da edozein: aspaldiko argazki batean ikus daiteke nola Uztapide eta Basarrik Arantzazun kantatu zuten mikrofono horrekintxe».

Atzo, galdetu zitzaionean nola sentitzen zen, Nikolasek hau erantzun zuen: «Hau ez da izan nik asmatutako ideia. Poza eman ematen dit, hala ere. Lotsatuta ere sentitzen naiz». Jarraian, aspaldi Joxe Agirre eta Imanol Lazkanori han Arantzazun bertan entzundako bertso batzuk kantatu zituen, berari gustatzen zaion bertsokeraren adibide egoki direnak. «Bertso lotsatiak gustatzen zaizkit, atrebimendu pixka bat dutenak, baina inori minik egin gabe». Kontua da Arantzazuko ostatuan zerbitzen zegoen emakume gazte bati kantatu ziotela Lazkanok eta Agirrek. Lazkanok esan zuen «muxuak ematen dituen birjina daukatela Arantzazun». Eta Joxe Agirrek, berriz: «Andreak ere musukatzen dit, baina ez da hain goxua».

IñakiBeristainek bere partean kontatzen duenez, Nikolasek oso umetan erabaki zuen Arantzazura nahi zuela. «Bere gurasoekin Arantzazura joan zen, artean oso umea zela. Bisitaren barnean, ‘Benedicta’ deitzen zen Mariaren elizkizun bat izaten zen. Sei haur seminarista jardun ziren kantuan, eta Nikolas txundituta haiei begira. Oraindik gogoan du amak esan ziona: ‘Ez duzu beste inora begiratu, aldarera bakarrik, zorabiatuta bazeunde bezala».

Beristainek atzo esan zuenez, «Nikolas oso gizon heldua da, barru handikoa. Batzuek zabartzat eta baldartzat hartzen gaituzte gorputzez handiak garenok, baina Nikolas oso pertsona fina da harremanetan».

Arantzazuko Gomiztegi baserrian segitzen du Nikolasek. «Han bera bakarrik bizi da. Guk esaten diogu komentura etortzeko, baina ez du nahi. Hala ere, etortzen zaigu otoitzaldietarako eta otorduetarako.Gainerantzean hantxe, Gomiztegin», esan zuen Beristainek.

Eduardo Urarte albaitariak, berriz, gogorarazi zuen nola behin Nikolasek oso liburu eder bat –Estatu Batuetan idatzia– eman zion: ‘Salvemos la creación. Una espiritualidad franciscana en la tierra’.

Xabier Euzkitzeren aburuz, «Nikolasek gaitasuna du iritzi desberdinetako jendea batzeko. Bertsolaritzan eta gaztagintzan bazegoen horren beharra.

Arantzazuko fraide bakoitzaren urtebetetze-egunean urtero egiten ditu bertsoak Nikolasek, eta haietako batzuk ekarri dituzte liburura. Gainera, lagun askoren testigan-tzak irakur daitezke bertan; besteak beste, Joxerra Garzia, Iñaki Galdos, Rufino Iraola, Nikolas Zendoia, Miren Elgarresta, Felisa Arrese eta Joxe Mari Arregi, azkeneko hau Arantzazuko gaurko fraideen arduraduna.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate