Uzkudun eta Gaztañaga, bi boxeolari oso literario
Bi kirolari hauek lagunak izan ziren hasieran, eta etsaiak gero. Beren arteko traizio bat ardatz hartuta idatzi du nobela berria, ‘Perlak, kolpeak, musuak, traizioak’, Joxemari Iturraldek
felix ibargutxi
Jueves, 7 de mayo 2015, 10:10
Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga bi boxeolari handi izan ziren. Bata Errezilen jaioa, bestea Ibarran, 1920ko hamarkadan hasi zen bien ala bien loraldia. Hasieran adiskide izan ziren, gero etsai amorratuak. Euren harremanetan traizio nabarmen bat gertatu zen, eta hain zuzen ere traizio hori da Joxemari Iturralderen nobela berriaren motorra. Liburua nobela da; fikzioa, beraz. Baina hanka bat historian ipinita jardun du lanean Tolosako idazleak.
Perlak, kolpeak, musuak, traizioak du izenburu eleberriak. Ardatza Uzkudun eta Gaztañaga dira, baina liburuan zehar 35 emakumeren gorabeherak agertzen dira baita ere. Izan ere, bi boxeolariok emakume asko ibili zituzten inguruan. «Emakume horietako batzuk existitu egin ziren, besteak asmatu egin ditut. Irakurleak peskizan ibili beharko du», adierazi du Iturraldek. Liburuko kapituluek ere emakume-izena daramate.
Idazleak garbi utzi nahi izan du liburua nobela dela. «Ez da historia liburua. Pasadizo asko, gezurra diruditenak, egiazkoak dira. Eta egia dituditen batzuk, gezurra. Idazleari zera interesatzen zaio, egiantza izango duen istorioa, beste hitz batean esanda, berosisimilitudea. Alegia, irakurleak pentsa dezala: hau gertatu zitekeen? Bai».
Dokumentazio-lan handia egin du. Sekula baino gehiago. Tolosakoa da Iturralde, eta hantxe datu eta testigantza asko zituen eskura. «Iturria Tolosan zegoen. Bai Uzkudun bai Gaztañaga Tolosako plazan hasi ziren. Urteetan eta urteetan hainbat apunte hartu dut. Pertsona haiek ezagutu zituzten lagun asko topatu nituen, orain hilda daude baina».
Iturraldek uste du Uzkudunek eta Gaztañagak bi Euskal Herri sinbolizatzen dutela. «Antonio Machadok esan zuen bi Espainia zeudela eta egia da bi Euskal Herri ere egon zirela eta daudela». Jakina denez, Uzkudunek Francoren alde egin zuen.
Azkenean, «Uzkudunen alde oso ilun bat» agertzen da liburuan, «eta Gaztañagaren alde ezezagun bat». Bi boxeolariok sekula ez zuten bata bestearen kontra borrokatu. «Gaztañaga hobea zen, eta horregatik Uzkudunek mila trikimailu erabili zuen harekin ez borrokatzeagatik».
Uzkudunek lau seme-alaba izan zituen eta horrek esan nahi du idazleak tentuz jokatu behar izan duela. «Bizirik daudenenganako errespetuagatik izen batzuk aldatu egin ditut. Egia osoa ezin da kontatu», esan du idazleak.