Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko burua): «Emakume bertsolariek frogatu dute oso lehiakor daudela»

Iñaki Murua, lehengo asteartean Barakaldoko BECen./BORJA AGUDO
Iñaki Murua, lehengo asteartean Barakaldoko BECen. / BORJA AGUDO

Finalaren atarian, uste du bertsogintza asko aldatu dela, «batez ere gaien trataeran eta genero kontuetan»

FELIX IBARGUTXI

Bertsozale Elkartearen lehendakaria da 2005az geroztik. Esana du laster utzi egingo diola lehendakaritzari. Martxoan jakingo da erreleboa hartzen dionaren izena.

-«Zortziko bikaina» iritsi dela finalera esan zenuen lehengoan. Hala ere, batzuek beharbada beste emakume bat gehiago nahi zuten, edota beste aurpegi gazteagoren bat.

-Epaimahaiak aukeratutakoak iristen dira finalera, eta epaimahaiak ez du aukeratzen nolanahi eta edozein moduz. Nik zera ikusi dut: lehen fasean, emakumeek arrasatu egin zuten, baina gero gai batzuk etorri ziren beste tuerka-buelta bat gehiago zutenak, eta hor estuxeago jardun ziren eta ez zituzten hain emaitza onak lortu. Baina frogatu dute oso leihakor daudela eta etorkizunean eurekin kontu handia eduki beharko dela. Begi-bistakoa da hurrengo finaletan gazte gehiago eta emakume gehiago egongo direla.

«Barruak umorera jotzea eskatzen dizu, baina puntuazioaren ezpata ere hor dago»

-Urte gutxian zenbat aldatu den bertsogintza femeninoa! Lehen, koska bat beherago bezala zeuden gehienak.

-Baina koska bat beherago egotetik kosk egitera pasa dira. Iruditzen zait gizartean bertan ematen ari den aldaketa baino aurreraxerago doala bertsolaritza, agian. Pentsatzen dut, gainera, gauzak formulatzeko eta mezuak emateko eran ere lanketa handi bat egin dutela. Seguru asko, zenbait gai nola erabili eta nola tratatu, asko irakatsi digute gizonezkooi.

-Aurreko txapelketatik hona nabaritu al duzu saltorik, maila aldetik gorakadarik?

-Nire irudipena da asko ari dela aldatzen, bereziki gaien trataera eta genero-kontuak. Andoni Egañari entzun nion lehengo batean beldurra sentitu zuela, ikustean jendea nola ari zen bertsotan. «Beldurra» hitza esateko modu bat izango da, baina nik ere sentitzen dut nire garaiko bertso motatik eta sakontzetik alde dexente. Horrek freskura galtzea ekar lezake, baina, esate baterako, hor dugu Unai Agirre finalean, bere feskurarekin, bere lehengo ukituarekin, atzo amets Arzallusek publikoki aitortu zion bezala.

-Jendea zain dago, umore handiko final bat noiz etorriko. Badakigu ez dela erraza izaten: tokiak ere agintzen du; hango jende pila!

-Bai, barruak umorera jotzea eskatzen dizu agian, baina zerk puntuatzen duen ere izaten duzu kontuan; ezpata hori ere hor dago zintzilik. Zuk esan duzun bezala, ez da erraza.

-Sebastian Lizaso aukeratu duzue irabazleari txapela janzteko. Lizasotarrena kasu harrigarria da, kasu bakarra seguru asko: aitona Joxe, seme Sebastian, biloba Beñat, denak bertsolari.

-Ez naiz asko jarri, baina ez dut gogoan horrelako beste kasurik. Pedigri handia daukate, bai. Sebastian Lizaso oso mutiko hasi zen bertsotan, marrubi-ale gorri-gorria balitz bezalaxe. Gogoratzen dut: hamasei urteko mutikoa eta bertso beteak egiten sekulako ahotsarekin. Ezagutu dut Sebastian txapeldun, bi aldiz gelditu da Txapelketa Nagusian bigarren, eta ez dakit berak adina inork bete duen plaza. Hainbeste urte plazaz plaza, ez dakit beste inork izan duen horrelako lidergorik. Nire garaian ezetz esango nuke.

-Joan zinenean Sebastianengana albistea ematera, esan zenion aita zenaren errautsak dauden tokira joan behar zenutela. Nolatan?

-Hiru azpeitiarrak, guretzat, gazte garaiko idoloak izan dira. Bereziki onak ziren puntukako saioetan. Hura zen herriz herri zabaltzen zuten umorea, kontajiatzen zuten txispa. Alaitasun gozo hori, ezta? Imanol Lazkanok txapela ipini zuen, Joxe Agirrek ere bai... eta Joxe Lizasok ez zuen aukera hori izateko zorterik izan. Zor txiki hori hor neukan, eta aurten esan zidatenean Sebastianen izena azaldu zela txapela jartzeko hautagai, ba esan nuen: honi albistea eman behar badiot, hantxe eman behar diot, bere aitaren errautsen ondoan.

-Zu zeu, plazan zenbateraino ibiltzen zara?

-Gustura ibiltzea gehiago da orain, eta gutxi ibiltzen naiz: urtean bi dozena saio-edo. Disfrutatzen ari naiz, saioak ere ez baitira seikoak plazan, baizik eta bazkalondoak edo afalondoak.

-Zein izaten dituzu kantukideak?

-Sarrien Sebastianekin kantatzen dut. Gero, astean behin edo ahal dugunetan hemen Goierrin biltzen gara, mokadu bat egiteko, Mikel Mendizabal, Millan Telleria eta hirurok... eta Igartzabal ere etortzen da tarteka. Eta oraintsu arte Patxi Iraola ere bai.

-Irailean, Txapelketa Nagusia aurkeztu zenean Villabonan, ausartu zinen zure parkinson-gaixotasunaren kontura txistea egitera.

-Gauzak umorearekin hartzeak, gaixotasunak saihesteko ere balio du. Zenbat eta zentzu positiboagoan hartu gauzak, hainbat eta onura handiagoak norberarentzat eta ingurukoentzat. Kontuan izan, gainera, irakaskuntzan ari naizela lanean. Aparte, gustura bizi naiz. Ez dakit aurrerantzean zein eboluzio izango duen gai honek, baina momentuz kapaz naiz gauzak ondo eramateko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos