Hemezortzik gaindituko dute langa Durangon

Irungo saioan, Artaleku entzulez lepo. Landako ere horrelaxe egongo da, sarrera denak saldu baitira./F. DE LA HERA
Irungo saioan, Artaleku entzulez lepo. Landako ere horrelaxe egongo da, sarrera denak saldu baitira. / F. DE LA HERA

Lehen itzuliko azken finalaurrekoa igande honetan jokatuko dute Landakon Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaranek

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak hasi zirenetik jokatu diren hiru saioak irabazi dituzten Sustrai Colinak, Maialen Lujanbiok eta Beñat Gaztelumendik bakarrik daukate gaur-gaurkoz ziurtatua bigarren itzulirako pasea, nahiz eta sailkapenari erreparatuta ez den horren zaila aurreikustea badaudela, saiorik irabazi gabe ere, puntuei esker aurrera egiteko aukera dezente izango duten bertsolariak.

Igande arratsalde honetan Durangoko Landako jokatuko den saioa amaitu aurretik, ordea, ezin da ezer itxitzat eman. Gainerakoak bezala 17:00etan hasiko da eta, sarrera guztiak aurretik saldu direnez, ez da lehiatilarik irekiko. Aretoko ateak, bai, jakina, 15:30ean.

Oholtzan Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan, eta Amaia Ugaldek gidatuko du saioa. Seiko berezia, hiru eta hiru gizonezkoak eta emakumezkoak, eta eskarmentu handiko bi bertsolari beterano tartean: hainbatetan Gipuzkako Txapeldun eta lau bider Txapelketa Nagusiko finalista izandako Aitor Mendiluze, eta Jon Maia, hori ere lau aldiz finalista (orain dela hogei urte aurrenekoz), eta 40 urtetik gorakoak biak.

Durangokoa irabazten duen bertsolariak bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratuko du, eta abenduaren 2an Iruñean izango den azken finalaurrekoan ariko da. Gainera, esan bezala, finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa izanda, bigarren itzulirako sailkatu diren bertsolariak zeintzuk diren ezagutuko dugu. Izan ere, lehen fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira bigarren txanparako; Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko saio horiek azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.

ETB4k zuzenean eskainiko du saioa Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren eskutik; era berean, bertsoa.eus atarian ere jarraitu ahal izango da emankizuna.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos