Gaztelumendi aurrera Maulen, saio xume baina gozagarri batean

Ia 1.200 lagun bildu ziren Maule-Lextarreko Ororena jai alain./ALBERTO ELOSEGI/XDZ
Ia 1.200 lagun bildu ziren Maule-Lextarreko Ororena jai alain. / ALBERTO ELOSEGI/XDZ

Añorgarra zuzenean pasako da bigarren itzulira, aurrekoetan Colinak eta Lujanbiok lortu zuten bezala

BIANDITZ IRAOLAMAULE-LEXTARRE

Beñat Gaztelumendi nagusitu zen atzo Maule-Lextarren jokatu zen hirugarren finalerdian. Saio xumea izan zen, baina gozagarria. Aurreko saioetako tarte handiegirik gabe, erregularra izan zen. Gaztelumendi 694,5 punturekin izan zen garaile. Bigarren Julio Soto izan zen, 668,5 punturekin, eta oso gertu izan zuen hirugarrena, Txapelketako ezustekoetako bat izaten ari den Nerea Ibartzabal, 663 puntu pilatuta. Sailkapena osatu zuten Etxahun Lekuek (656,5), Nerea Elustondok (637,5) eta Beñat Iguaranek (604).

Zortziko nagusiak izan zuen lan politik, Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabalena kasu. Bi udal langile ziren, azaroaren bataren ondoren hilerria txukuntzera joandakoak. Ez zegoen inor. Gaztelumendi hasita, bikain osatu zuten elkarrizketa: «Etorri gera hilerrrira ta urteroko historia / hango larrosa gorria eta hango krabelin horia / ia ahaztuta utzia dago maitearen hilobia / egutegia bezain ahula da jendearen memoria». Ibarzabalek bestela pentsa-tzen zuen: «baina nik drama kendu nahi diot egoerari dena den / pertsona hauek hil ziren baina benetan ez daude hemen / eta askotan esanda nola gure bihotzetan dauden / oindik ez dakit azaroan batez zergatik etortzen garen». Maitasuna. Maitasuna zen hilerrira joateko arrazoia, añorgarraren ustez: «Ba maiteari nahi zaiolako maitasuna erakutsi / etor-tzen dira bai beren lore beren malko beren untzi / hemen ezin da urtean behingo data ahazturan utzi / ohitura asko baitauzkagu guk eta sentimendu gutxi». Ibarzabalek, beste behin, bizitzari eutsi zion: «Baina zergatik etorri gorpu hotz baten aldamenera / nahiz ondo jakin hauxe dugula gu guztion amaiera / egun denetan aurrera egin ta oroitzea hobe da / bizitza ez al zen ba handiena bota ustelak lurpera».

Beñat Gaztelumendi.
Beñat Gaztelumendi. / ALBERTO ELOSEGI/XDZ

Kontzeptu abstraktuak ohi baino gutxiago erabili zituen Gaztelumendik, konkretutik aritu zen gehiago, eta horrek lagundu zuen elkarrizketa bideratzen. Baita Nerea Elustondorekin seiko motzean egin zuen lanean ere. Down sindromea duen gazte baten gurasoak izatea egokitu zitzaien. Lagunekin bizitzera zihoala esan zien, eta horrek Elustondo poztu zuen. Hasi, Gaztelumendi egin zen, ordea: «Adinez denez nagusi / bere lagun eta guzi / bere burua etxetik kanpo nahi luke ikusi / maitasuna erakutsi / diogu eta ez gutxi / joaten utzi nahi diot baina ezin diot utzi». Bere burua zaintzen zekiela gogoraratu zion Elustondok, eta Gaztelumendik uste baino azkarrago hazi zela erantzun. Legazpiarrak argi ikusi zuen arazoa: «Barruan dezun dilema / neretzat ez da problema / eta zai nago noiz iritsiko ote astelehena / etzazula hartu pena / inuxente alaena / hark ote dauka zure beharra ala zuk harena».

Sexu erasoak

Aipatzekoa baita Beñat Iguaranek eta Julio Sotok egindako lana. Aktoreak ziren hauek, gaztetan sexu erasoak jasanagatik salatu gabeak. Orain Sotok publikoki salatzeko asmoa zuela jakinarazi zion. Amasarra hasi zen: «Garai bateko problema / garai hartan izan zena / gaur salatzeko hartua dezu hain bide zuzena / nahiz eta sentitu pena / ezin det kontatu dena / berriro ez baidet Soto bizi nahi bizittu nuena». Lagunaren erantzuna, bikaina: «Oroitzapenaren ezten / artean naiz errez ezten / ahalegindu behar genuke barrutik abesten / eszena eta an-tzezpen / artean gara babesten / baina ezin dut gehiago segi gezur hau antzezten».

Kartzelako gaiak aukera ugari eman zien bertsolariei: «Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna etetea erabaki duzu». Saio ederrak egin zituzten orokorrean sei bertsolariek, honela bukatu zuen Etxahun Lekuek: «Ospe kontua iheskorra da, hauskorra eta labana / handi-ustean kontu txar asko ekarriak neuregana / atxakiarik ez dot jarriko gurata egin dot dana / eragin dot nahiko drama / salaketa bat, salaketa bi, hamaikaraino ai ama / orain badakit zeruetatik infernuetara doana / bizitzan eindako lana».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos