Gainetik ibili zen Aitor Mendiluze Durangon

Aitor Mendiluze, agurrean. /GARI GARAIALDE/XDZ
Aitor Mendiluze, agurrean. / GARI GARAIALDE/XDZ

Miren Amuriza izan zen bigarren, eta bertan argitu zen zein bertsolari igaro diren bigarren itzulira

BIANDITZ IRAOLADURANGO

Koxka bat gorago aritu zen Aitor Mendiluze atzo Durangon, baina saio parekatua izan zen atzokoa gainontzekoan. Ez bikaina, zozoa tarteka, baina erregularra. Azkenean, Mendiluzek batu zituen puntu gehien, 740,5 guztira. Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, 678,5 eskuratu zituen Miren Amurizak; 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek. Hala, finalaurrekoetako bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu du eta Iruñean jarraituko du txapelketan, abenduaren 2an. Bestalde, aurreko saio guztietako puntuak batu eta kontuak eginda, argitu zen zein bertsokarik egingo duten aurrera (ikus zerrenda kronikaren amaieran), eta zein diren kanpoan gelditu direnak: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo.

Durangoko saiora itzulita, puntuari erantzuten entzun ahal izan ziren alerik onenak, eta horretan, beste behin bikain aritu zen Mendiluze. Honela jarri zioten bigarren puntua: «Lehia ez ote dugu sustatzen gehiegi» / «txapelketan galdetzen al didazu neri / ez joan besteengana geure hontan segi / lehia eraikitzeko bide izan bedi». Azkar eta zorrotz. Baita hirugarrena ere: «Umeek zer ikusi huraxe ikasi» / «orain dena da galdu edo irabazi / hobe pixka bat hortik atera arazi / ta eurekin jolasten gehiagotan hasi».

Zirirako ere izan zen tokirik, esaterako Miren Artetxek eta Ohiana Iguaranek zortziko txikian egindako lanean. Bizilagunak ziren, eta Iguaran eskegitako erropa jasotzen hastearekin bat, Artetxe goiko etxekonekoa loreei ura botatzera agertu zen. «Nahiz eta beti lagun moduan jardun gu / erropa lehortu hau nahi nuen leundu / ta hara bapatean ur tantez lurrundu / arren ez zaidazula hainbeste lagundu». Artetxek lorea mimatzeko beharra atera zion: «Lasai bizilagunak holakoak gara / nere lanetan ere ondo nabil jada / seiretan nahi izaten du ba honek hara / nere geranioa kapritxosoa da». Geraniotik gutxi ikusi zion Iguaranek Artetxeren loreari: «Seitan hartzen ote du horrenbeste premi / bostetan ez al dezu izaten kemenik / gora begiratu ta balkoira lehenik / kaktus batzuk zirala pentsatzen nuen nik». Kaktus itxuraren nondik norakoak azaldu zizkion bizilagunak: «Kaktusa zela uste zenuen zuk laro / geranioa izateko baitago arraro / barkatu ez dizut ondo azaldu lehenago / sei terdiak dira ta mala letxez dago».

Seiko motza borobilena

Seiko motza izan zen saio borobilena orokorrean. Amurizak eta Maiak bazuten apustu-makinekin arazoa zuen lagun bat. Maiari bere kasa uzteko garaia zela iruditzen zitzaion. «Burua hain zeukan laino / hain portatzen zen estraino / iritsi zela guri dirua sarri ohosteraino / ta egainoak engaino / enaiz fidatzen gaurdaino / gurago orain estu hartu gero damutzea baino». Maiak beste apustu bat geratzen zitzaiola gogorarazi zion, ordea: «Lehen dirua erraustua / ezin irentsi listua / orain hobeto dabil ta ez izan Miren hain estua / patrika ez du hustua / hauxe da nere juzkua / berak bakarrik gainditu behar du azken apustua». Amurizak tarteko bidea proposatu zion orduan: «gakoa bat da laztana / zaintzea da gure lana / eta bera ez konturatzea hortan gabiltzana». Maiak berean eutsi zion: « konturatu da ta putza / alperrik noa haruntza / ez det juzgatzen halako gaizki bere buru hutsa / baina zergatikan bultza / hori ez da beti funtsa / sarri eskua ez luzatzea da egizko laguntza».

Kartzelako lanean borobiltzen ez zuten gehiegi asmatu. Ospakizuna bukatu berritan, gauzak jasotzen jarri zituen gaiak. Apalategik asmatu zuen, agian, ospakizun sinesgarriena: «sukaldean lana asko da apaindurik egongela / aspaldi antzematen zen eguna bazetorrela / idoian aitona fermin hori da  marka itzela / larogei ta hamabost urte ta bete degu sabela / gero tarta etorri da nolako giro epela / putz eginda itzali du tarta erdiko kandela / bera pozik dago baina gu ere bera bezela / ikusirik masailetan malkoak dijoazela».

24tik 18k egin dute aurrera

Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira finalaurrekoak datozen hiru asteburuetan: azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hain zuzen.

Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko. Hauxe da zerrenda:

Maialen Lujanbio (Irungo irabazlea)

Sustrai Colina (Bastidako irabazlea)

Beñat Gaztelumendi (Maule-Lextarreko irabazlea)

Aitor Mendiluze (Durangoko irabazlea)

Aitor Sarriegi

Igor Elortza

Agin Laburu

Miren Amuriza

Jon Maia

Jon Martin

Oihana Iguaran

Jone Uria

Julio Soto

Unai Agirre

Nerea Ibarzabal

Etxahun Lekue

Alaia Martin

Iñaki Apalategi

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos