Alaia Martin, 712 puntu lortuta, zuzenean hurrengo fasera

Alaia Martin, ariketetako bat burutzen. / Alberto Elosegi / XDZ

712 puntu lortuta, ederki nabarmendu zein oiartzuarra larunbatean Baigorrin jokatu zen aurreneko final laurdenean

Alaia Martin Etxebeste oiartzuarrak urrats sendoz hasi du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako bidea. Finalaurrekora behintzat heldu da, zuzen-zuzenean, larunbatean Baigorrin jokatu zen aurreneko final laurdena irabazita. Tarte zabalarekin nagusitu zen, gainera, saioan parte hartu zuen emakume bakarra, 712 puntu lortu dituen Alaia Martinek (Oiartzun, 1987) 651,5ekin bigarren sailkatu zen Aimar Karrika nafarrari (Auritz, 1988) 60,5 aterata. Sailkapena honela osatu zen: hirugarren, 631,5 punturekin, Beñat Ugartetxea (Mallabia, 1979) izan da; laugarren, 627rekin, Ander Lizarralde (Oiartzun, 1984); bosgarren, 620 punturekin, Mikel Artola (Alegia, 1989), eta seigarren, 598,5 punturekin, Xabi Maia (Elizondo, 1981).

Arratsaldeko 17:00etan abiatu zen Baigorrin Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen saioa. Bertako pilotaleku bitxian, 615 lagunek bete zuten Ezker paretan, ekin zioten abendura arte luzatuko den partidari aurreneko sei bertsolariek, Joana Itzainaren gidaritzapean. Beste asko bilduko zaizkie irailaren 30etik urriaren 14ra bitartean jokatuko diren gainerako bost final laurdenetan. Horietako hiru Gipuzkoan egingo dira; datorren larunbatekoa, irailak 30, Segurako Baratze pilotalekuan, urriaren 8koa Zumaian eta urriaren 14koa Tolosan. Finalaurrekoak urriaren 28an hasiko dira, Bastidan jokatuko denarekin. 2015eko Gipuzkoako Txapelketan Beñat Gaztelumendi txapeldunaren ondoren bigarren sailkatu zen Alaia Martinek azaroaren 1ean Irunen egingo den finalaurrekoan hartuko du parte. Besteak beste, Maialen Lujanbiorekin eta Aitor Sarriegirekin partekatuko du oholtza.

'Hitzetik hortera', bueltan

Martinek agurrean kantatu bezala, "belarra moztu berria dago, bidean jarrai dezagun...". Baigorriko bide zatia ez du oso maldatsua izan bertsolari gipuzkoarrak. Seguru ibili zen ofizioetan, eta zuku ederra atera zion kartzelakoan proposatu zieten gaiari: "Komisaldegitik deitu dizute agertu dela erranez". Tartean komisaldegi bat egon arren, bertsolari bakar batek ez zuen jo azpiegitura horren ezaugarriek iradoki dezaketen bidetik. Denek, hain zuzen, galdutako zerbait edo norbait zuten zain komisaldegian, istorio gehienak ondo bukatu zirelarik. Umoretik jo zuten parrandan hurrenez hurren telefonoa eta ezkon-eraztuna galdutako Mikel Artolak eta Benat Ugartetxeak. Seme eta alabak zeuzkaten galduta, edo etxetik alde eginda, gehienek. Ander Lizarralde, berriz, laguna hilik agertu zaionaren larrutik aritu zen bertsotan. Bertso landu eta hunkigarriak osatu zituen Alaia Martini, esaterako, haserre baten ondorioz bost egun etxetik kanpo zeramatzan alaba falta zitzaion, adin txikikoa. Emakumeen aurkako eraso egiazko edo balizkoak ere izan zituen gogoan Martinek, "neskok beti beldurrera kondenatuta al gaude" galdetuz.

Saioko bertsoaldirik nabarmenenak igande honetatik aurrera egongo dira ikusgai Bertsoa plaza digitalean. Bestalde, Hitzetik Hortzera saio beteranoa igande honetan itzukiko da ETB1era, ohiko ordutegian; 15:00etatik aurrera alegia. Lehen asteotan Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da protagonista nagusi. Saioetako bertsoaldien bilduma entzun eta ikusi ahal izango da igandero Hitzetik Hortzeran; bezperako bertsoak, biharamunean. Hala, lehen saioan, Baigorrin jasotako aleak eskainiko dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos