Amurrion hasiko da igandean finalaurrekoen bigarren itzulia
Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina taularatuko dira Amurrioko Bañueta kiroldegian
Asteazkena, 15 azaroa 2017, 17:31
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako azken urratsak egiten ari dira bertsolariak. Finalaurrekoetako lehen itzulia amaituta, 18 bertsolarik egin dute aurrera eta bigarren itzulian lehiatuko dira. Fase honek hiru saio izango ditu, eta lehena Amurrion (Araba) izango da, igandean, azaroaren 19an.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina taularatuko dira Amurrioko Bañueta kiroldegian. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da saioa eta ateak 15:30ean irekiko dira. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta aurrez amaitu ezean, egunean bertan ere zabalduko da leihatila 15:00etan.
Eginbeharreko ariketak ere aldatu egingo zaizkie bertsolariei lehen itzulitik bigarrenera. Aintzane Irazusta gai jartzailearen gidaritzapean, hauek izango dira parte hartzaileek egin beharko dituzten lanak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Azken saioen moduan, Bertsoa.eus atariak eta ETB 4k zuzenean eskainiko dute saioa, eta beste hainbat hedabidetan ere jarraitu ahal izango da.