«Euskal kultura ulertzeko, ezinbestekoa dugu antzerkia»
Euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa diseinatzeko lehen urratsak egin ditu Mintzola Ahozko Lantegiak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan
El Diario Vasco
Viernes, 16 de junio 2017, 15:38
Mintzola Ahozko Lantegiak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez, euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa diseinatzeko lehen urratsak egin ditu, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin eta antzerkigintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean.
Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan, Amasa-Villabonako Subijana etxean, aurkeztu da prentsaurrean euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa bideratzeko txostena. Diseinua zehazten duen txostenaren inguruko azalpenak eman dituzte egitasmoa gauzatu duten ordezkariek: Mintzola Ahozko Lantegiko lehendakari den Iñaki Muruak, Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzailea den Nere Erkiagak, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko lehendakaria den Eneritz Artetxek.
Mintzola Ahozko Lantegiak landu du dokumentua, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez. «Mintzola Ahozko Lantegiaren bokazioetako bat da bertsolaritzatik abiatuta, euskaraz, ahozko kultur sorkuntzan ari diren gainontzeko eragileekin elkarlanean aritzea», azaldu du Iñaki Muruak. Zentzu horretan, 2014an, kultur sorkuntzok dokumentazioan zituzten kezkak eta hausnarketak elkarbanatzeko topagunea antolatu zuen Xenpelar Dokumentazio Zentroak lehen aldiz. Antzerkigintzan jarri zuten arreta orduko hartan jardunaldiek, eta «argi ikusi zen euskaraz sortutako antzerkiaren dokumentazioa hainbat liburutegitan sakabanatuta zegoela eta dokumentazio asko oraindik bildu gabe: finean, euskarazko antzerkiaren garapenean lagunduko duen egitasmo baten beharra agerian geratu zen». Hala, bertsolaritzaren dokumentazioan duen eskarmentuan oinarri, Mintzola Ahozko Lantegiak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik, egitasmoa diseinatzeko proposamena luzatu zion Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteari.
Bi erakundeok elkarlanean, eta borondatez lana egin duten antzerkizaleekin batera, parte-hartze prozesua bideratu eta Euskal Herri osoko ehunka antzerki eragileren iritziak jaso dira; norbanakoek zein antzerki dokumentazio zerbitzua eskaintzen duten bi erakundek hartu dute parte, Dantzertik (Bilbo) eta Escuela Navarra de Teatro - Nafarroako Antzerki eskola (Iruñea). Jakintza ugari batu da eta hortik ateratako ondorioekin osatu da gaur aurkeztutako txostena. «Euskarazko antzerkiaren aktibazioan lagunduko duen dokumentazio zentro dinamikoa eraikitzea da helburua. Sorkuntzari zein zaletasunari dagokionez, gure lurraldean zabaltzen eta ezagutza sakontzen lagunduko du», azaldu du parte-hartze prozesua bideratu eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko kide den Nere Erkiagak.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Eneritz Artetxek hartu du hitza jarraian. «Komunikazio tresna edo ospakizun soziala, antzerkia galkorra dugu, aztarna gutxi uzten dituen jarduera baita. Ezaugarri horrek egiten du eder eta berezi, baina aldi berean, etengabeko arriskuan jarri. Gure kasuan, gainera, teatroaren izaera galkorrak bat egiten du hizkuntza-diglosiarekin; hori dela eta, euskal antzerkiak aurre egin behar dion arazo estrukturalak bikoitzak dira". Hala, Mintzola Ahozko Lantegiak egindako lana eskertu nahi izan du Artetxek: «Zalantzarik gabe, abiapuntu sendoa eta emankorra da gure antzerkiak pairatu duen gabezia handienetako bati aurre egiteko». Euskal kulturan antzerkiak duen garrantzia aldarrikatuz amaitu du bere mintzaldia: «Ahula izan arren, euskal kultura ulertzeko ezinbestekoa dugu. Beraz, instituzio publikoei dei egiten diegu berriro ere balio horretaz jabe daitezen eta babesa eman diezaioten».
Mintzolak diseinatutako dokumentazio egitasmoa antzerki eragileen esku dago orain eta ahozko lantegiak, zentzu horretan, bere egitekoa bukatu badu ere, etorkizunean egitasmoa gauzatzen laguntzeko prestutasuna agertu du. Txosten honen bidez dokumentazio zerbitzuaren forma finkatuta, eragile politiko eta administratiboekin gai hau lantzeko fasea ireki daiteke.