Diario Vasco

Manuel Lekuona saria, Jean-Louis Davantentzat

Jean-Louis Davantek alor ugaritan egin du lan eskerga.
Jean-Louis Davantek alor ugaritan egin du lan eskerga.
  • Eusko Ikaskuntzak esleitzen duen sariak filologo eta euskaltzale zuberotarrak «euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko esfortzua» aitortu du

Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabil, 1935) filologo eta euskaltzaleak eskuratu du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Epaimahaiak nabarmendu du euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina, ekarpena azpimarratzekoa eta goraipatzekoa izanik: «Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin», eta belaundaldi oso baten erreferentea bilakatu da. Izan ere, «Iparraldeko Zuberoko errealitatea argi islatzen du haren pertsonak eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan du beti, katea eten ez dezan lagunduz». Azpimarratu nahi izan dute ere Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, hirurogeiko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatuko zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa izanik. Halaber, ezaguna da Pastoralgintzan egin duen ekarpen oparoa eta zabala.

Irabazlearen hautaketan, herriak eta epaimahai instituzionalak hartu du parte. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Azken horri dagokionez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza berak osatu dute. Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan ospatuko da.

Jean-Louis Davantek Laborantza ikasketak burutu zituen Angers hiriko Mendebaldeko Unibertsitate Katolikoan. 1957an eskuratu zuen Agronomia Ingeniari titulua. 1961ean, Piarres Charrittonen zuzendaritzapean, Hazparneko Laborantza Eskolaren sortzaileetarikoa izan eta bertan hasi zen lanean. Agronomia eskolak ematen jardun zuen 1995ean erretiroa hartu arte.

1960an Enbata talde abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen, Piarres Larzabal eta beste askorekin. Ondoren, Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) (1975) eta Euskal Batasuna (1986) alderdien sorreran parte hartu zuen.

Herri Ekintza kristau taldeko burua izan zen, orobat, 1962-1969 bitartean. 1968an Fededunak taldearen sorreran parte hartu zuen, Piarres Charritton, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin.

1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean. Euskaltzaindiak, Arantzazuko Biltzarrean (1968) Baionako erabakiak ontzat eman zituen, Koldo Mitxelenaren txostena bere egitean. Euskaltzaindian, izan ere, bereziki onomastikaren eta hiztegigintzaren alorretan aritu da 1978tik.

1984tik aurrera Hazparnen AEKko irakasle izan zen, gau eskolak ematen, eta Euskal Pen Klub berreginaren buru aritu zen beranduago. Halaber, Sü Azia elkarteko kide da.

1980an literaturaren bidean sartu zen, bereziki olerkian. Euskaraz genero guztiak landu ditu: eleberria, saiakera eta poesia. Haur literaturako hainbat ipuin itzuli ditu.

Pastoral askoren egile da, hurrengo izenburu eta antzezlekuak izan dituztenak: Abadia Ürrüstoi (Maule, 1990), Eüskaldünak iraultzan (Gotaine-Irabarne, 1993), Agirre Presidenta (Arrokiaga, 1995), Xiberoko Makia (Sohüta, 2001), Antso Handia (Maule, 2004), Xiberoko Jauna (Ezpeize-Ündüreine, 2008) eta René Cassin (Sohüta, 2013).

Bereziki aipagarria da Euskal Herriko historiaz frantsesez idatzi zuen saiakera arrakastatsu bat: Histoire du Pays Basque (1970). 2007an hamaikagarren aldiz argitaratu zen, Histoire du peuple basque izenburuarekin. Gaztelaniara ere itzuli da.

1957az geroztik egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez. Branka (1971), Zuzen (1972), Zabal (1973-1976) eta Zehatz (1977-1980) aldizkarietako zuzendaritzakide izateaz gain, beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikuluak: Gazte, Herria, Enbata, Euskaldunak, Egia, Herriz-Herri, Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Egin, Maiatz, Nabarralde, Le Journal du Pays Basque, eta abar. Horietan jorratu dituen gaiak askotarikoak dira: laborantza, ekonomia, gizarte egoera, politika, historia eta kultura. 2010ean Euskaltzaindiak euskaltzain emeritua izendatu zuen.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsutzat hartzen den obra osoa (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko xedez. Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteiza, Jose Miguel de Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Ignacio Tellechea Idigoras, Jose Mª Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Menchu Gal, Antxon Aguirre Sorondo, Joan Mari Torrealdai edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate