Diario Vasco

Tolosan abiatu dira 'Adin-adin' bertso saioak

Bertsotan hasi aurretiko solasaldia denenetzat izan ohi da aberasgarria.
Bertsotan hasi aurretiko solasaldia denenetzat izan ohi da aberasgarria.
  • Uzturre egoitzan egin zuten asteartean lehenbizikoa Sebastian Lizaso eta Millan Telleriak. Beste hamar egingo dira abendura arte

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanku bertso zerbitzuak 'Adin-adin' proiektua antolatu dute aurten ere, adinekoentzako 11 bertso-saio egoitzetan eskaintzeko. Hirugarren urtez jarraian, eta adinekoen bizi kalitatea hobetzea helburu, asteartean egin zuten lehena Tolosako Uzturre egoitzan, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaranen eskutik, eta urria eta abendua bitartean egingo dira beste hamar saioak lurraldeko hainbat egoitzetan. Antolatzaileen esanetan, 'Adin-adin' ekimenaren arrakastaren koska da adinekoen parte hartzea bultzatzen dela, batetik, eta beraien arteko harremana hobetzen dela, bestetik. Zaharren egoitzetara bi bertsolari joaten dira, gazteagoa bata eta helduagoa bestea. Dagokion egoitzako bailarakoak bertakoak izaten ahalegintzen dira, bertsotan ere eskualdeko kontuak ateratzeko, adinekoei ezagunak egiten zaizkienak.

Tolosan egindako emanaldi jendetsuarekin pozik, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du bertsoak adineko pertsonengan duen eragin positiboa: «Bertsoa bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Beraien bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Eta gaineratu du 'Adin-adin' proiektuak kutsu zientifikorik ez badu ere, interesgarria litzatekeela jakitea horrelako ekintza batek zein onura terapeutiko dituen». Ildo horretan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi du diputatuak, ikuspegi integral batekin.

Propio prestatutako saioak

Programa honen berritasunaz mintzo, Ander Zapiain Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariak bertsoa.eus-en eginiko bideo elkarrizketan dioenez, «zaharren egoitzetan egiten dugun lana, tamalez, oso asistentzialista da. Heriotzaren zain dauden pertsonen azken urteak dira. Bertsoa, berriz, jaiarekin lotzen dugu. Eta esan genuen, zer arraio! eta zergatik ez probatu?. Horrela, azken bi urteotako balorazio positiboak ikusita, aurten ere bertsolariek prestaketa lana egin dute, kantu zaharrak eta istorio zaharrak landuta, adinekoak saioan bete betean sartu daitezen».

Elkarrizketa berean, Sebastian Lizasok dio nolakoa den zaharren egoitzako saio bat: «Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu 'ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...' ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du.... Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... eta oso esker onekoak dira».

Hurrengo saioak

- Lazkao. Urriak 14. Txindoki egoitza. 17:00. Gema Urteaga eta Iñaki Murua.

- Donostia. Urriak 19. Zorroaga Egoitza, 17:30.Ane Labaka eta Andoni Egaña.

- Arrasate. Urriak 19. Iturbide egoitzan. 17:00 Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi.

- Azkoitia. Urriak 20. San Jose egoitza. 17:00. Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso

- Tolosa. Urriak 25. Lurramendi egoitza. 16:30. Oihana Iguaran eta Anjel Mari Peñagarikano.

- Bergara. Urriak 26. Mizpirualde egoitzan. 17:30.Maider Arregi eta Jexux Mari Irazu.

- Errenteria. Urriak 26, Jesusen Bihotza egoitza. 17:30. Alaia Martin eta Andoni Egaña.

- Beasain. Urriak 28. Arangoiti egoitzan. 17:00 Iñaki Murua eta Gema Urteaga.

- Azpeitia. Azaroak 8. San Martin egoitza. 17:00. Juan Joxe Eizmendi 'Loidisaletxe' eta Beñat Lizaso

- Oiartzun. Abenduak 13. Petra Lekuona egoitza. Goizez. 11:00. Exteban Martiarena eta Jon Martin.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate