«Bertso bidez zimurtu dezagun postala»
Behin baino gehiagotan azaldu ziren egunean zehar, goizean batik bat, Donostia 2016ren inguruko kontuak
f.i.
Domingo, 31 de enero 2016, 10:22
Goizeko saioan zehar, behin baino gehiagotan azaldu ziren Donostia 2016ren inguruko kontuak. Adibidez, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbiok gai honi egin behar izan zioten aurre: Beñat donostiarra da,eta nahiko konforme dabil Kultur Hiriburutza dela-eta. Maialenek, berriz, zalantza gehiago ditu. Egun batean, Hernanitik Donostiara etorriko da eta Beñatek erakutsiko dizkio hiriburuko bazterrak eta ekimenak. Beñatek honelatsu ekin zion: «Kursaaleko zubian hasi gara trebe / txakurrak paseatzen hara zenbat jende!/ Hemen jendeak zenbat arte ta botere / kulturaz ari dira olatuak ere!». Maialenek segituan egin zion eraso: «Baina olatu horiek heltzen dira behingo/ ez dira New Yorkeko, ez dira Berlingo / dena eder zuen Kursaal ta tamarindo / hemen txakurrek ez dute kakik egingo». Jarraian, Gaztelumendik gogorarazi zuen artistek esan ohi dutena, kaka ere arte izan daitekeela. Eta orduan Lujanbiok: «Kaka, egia esan, artea ere bada / begiratu ezkero bere formetara. / Postmoderno izateko berandu da jada / zuen garaikidea jada kostunbrista da».
Gero, akaberan, Beñat Gaztelumendik agurreko bertso hau bota zuen, Donostiako kultur hiriburutzarekin lotura bazeukana eta entzuleen oso gustukoa gertatu zena: «Gaurkoan mamiz bete dezagun azala / bertso bidez zimurtu dezagun postala. / Dena ez da Kontxa / dena ez da Kursaala. / Bertso bidez zimurtu dezagun postala».
Goizean zehar izan zen Eñaut Asurabarrenaren gitarraz lagundutako bertsorik ere. Honek, berriz, Katamalo, Anari eta beste batzuen doinuak erabili zituen. Baita Chavela Vargasen La llorona ere. Pubeko jaiari bukaera emateko bertso jarri batzuk egon ziren. Hasteko, Nerea Elustondo legazpiarraren sorta bat, bizitzako erorialdiez, besteak beste. Eta despedidarako, Rosi Lazkano oriotarraren bertso autobiografiko batzuk.