71 bertsolarirekin abiatuko da Nafarroan Bardoak ekimena
Hirugarren ediziora heldu da txapelketarik gabeko urteetan antolatzen duten taldekako norgehiagoka
dv
Martes, 19 de enero 2016, 09:47
Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan, bi urtez behin beraz, ekimen berezia antolatzen dute Nafarroan 2012az geroztik, lehia kutsua izan arren lehiaz harago doan Bardoak izeneko taldekako txapelketa modukoa.
Aurtengoa, hirugarrena 2012 eta 2014koen ondotik, datorren ostiralean abiatuko da, urtarrilaren 22an. Lau saio jokatuko dira ostiralean bertan: bertso-merienda bana Lizarran eta Donamarian, eta bertso-saioak Barañainen eta Berako Kataku ostatuan. Larunbatean beste saio bat egingo da Altsasun.
Bardoak ekimena martxoaren 19ra arte luzatuko da. Egun horretan jokatuko da hain zuzen finala Etxarri-Aranatzen. Nafarroako Bertsozale Elkarteak ekimenaren berri emateko zabaldu duen oharrean irakur daitekeen moduan, «abiapuntu ikusgarria» du edizio honek. Hain zuzen ere, 16 talde arituko dira eta 71 bertsolari aterako dira plazara 23 saiotan, inoizko kopururik altuena. Horietako 20 bertsolarik, gainera, jendaurrean kantatzeko urratsa lehen aldiz egingo dute. Bertsolariez gain bestelakorik ere behar denez horrenbeste saio antolatzeko, guztira 121 parte-hartzaile izango ditu ekimenak.
Talde bakoitzak, alegia, gutxienez bost kide izan behar ditu, gai-jartzaile/aurkeztea eta taldearen ordezkaria barne. Aurreko bi edizioetan bezala, ekimenaren helburu nagusia da «bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatu eta bertsolaritza gune berrietara zabaltzea».
Hamasei taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izanen dira, hurbilak, gozoak eta kalitatezkoak. Kasu gehienetan saio horiek otorduekin osatuko dira. Esan bezala, finala martxoaren 19an jokatuko da Etxarri-Aranazko frontoian. Bigarren fasetik sailkatutako hiru talde arituko dira kantuan, guztira bederatzi bertsolari. Arratsaldeko saioa izango bada ere, egun osoko festa eguna bihurtuko da.