Bertsolariak nondik jo erabaki behar duen momentua
Oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak izango ditu helduleku Bertso Eguneko ekitaldi nagusiak
dv
Sábado, 16 de enero 2016, 10:13
Duela aste batzuk iragarri zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urtarrilaren 30ean egingo dela aurtengo Bertso Eguna Donostian, eta bertsozaleen egutegian garrantzi handia daukan festaren 47. edizioak, ohi denez, goizeko, arratsaldeko eta gaueko ekitaldiak izango dituela. Gelditzen ziren ordea argitzekoak, batez ere arratsaldeko ekitaldi nagusiaren ingurukoak.
Aste honetan argitu ditu horiek ere, zenbait berrikuntzaren berri ematearekin batera. Hala, goizeko ekitaldia bertso-saio musikatua izango da eta Bertso Eguneko gune nagusitzat har daitekeen Kursaalaren pareko taberna batean egingo da. Gaueko afaria eta festa, jakina zenez, Kursaalen izango dira berriro, lehenago egiten zen moduan.
Falta zen jakitea, ordea, zein izango den azken urteetan ezusteko ugari eman dituen saio nagusirako hautatutako gai nagusia, eta argitu dute hori ere. Hain zuzen ere, Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren heldulekua. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen, eta 18:00etan hasiko den ekitaldian hamar bertsolari izango dira kantuan: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea ere zuzenean ariko da.
Horiek ez dira ordea izango Bertso Egunean kantuan ariko diren bertsolari bakarrak, beste bi saioetan ere izango baita haientzat lanik. Goizeko ekitaldia eguerdian hasiko da, 12:00etan. Aurten ez da kalean egingo eta, horren ordez, oholtza gaineko saio berezia gauzatuko da Kursaal pareko Picachilla garagardotegian. Saio musikatua izango da. Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.
Saio nagusiaren ostean afaria eta festa izango dira. Aurreko asteetan aurreratu moduan, bi urteren ostean berriro ere Kursaal aretora itzuliko dira biak. Emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira.
Goizeko ekitaldira joateko ez da sarrerarik behar, eta ekitaldi nagusirako zein ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.