Borrar
Alaia Martin eta Agin Laburu, lehen eta bigarren sailkatuak.
Alaia Martin, lehen finalista

Alaia Martin, lehen finalista

Agin Laburuk eta Ander Lizarraldek egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren

BIANDITZ IRAOLA

Lunes, 23 de noviembre 2015, 09:46

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Alaia Martinek irabazi du atzo Zarautzen jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa. Honenbestez, bera izan da Donostiako finalera sailkatzen lehena. Saio hotza izan zen atzokoa, giroa bezelakoa, baina entzulea txaloka jartzeko adinako lanik ere izan zen. Goia zortziko txikiko lanean jo zuen atzoko finalerdiak, Agin Laburu eta Beñat Iguaranen lanarekin. Lehenak festetarako komunak jartzen zituen enpresa bat zuen; festa batzuetan komunak jasotzera joan, eta baten barruan Iguaran bilatu zuen lo seko. «Ez da erreza usai horrekin bizitzen / baino nere laguna ez da errez hiltzen / oraindik nola zauden ez det enteditzen / lagunduko al dizut lentila aurkitzen?» bota zion astigarragarrak, baina amasarra ez zen atzean geratu: «Nik ondo ikusten det behar dan neurrira / baino usaitu gaizki nolako mobida / nere plana earra da Agin begira / festara eaman nazu hurrengo herrira». Langileari graziarik ez: «Gainera ausardia behar da bua bua bua / hemendik hareaino ez da bide laua / ta etekina denez enpreson araua / bost euro biajia ta beste bost gaua». Iguaran ordaintzeko ez, baina kobratzeko prestu: «Hemen ez zaitez jarri ahotsa altxia / neri kobratu nahian hau da hau grazia / baino tokatzen zaizu gaurkuan galtzia / garestiagua baita hau bijilatzia».

Unai Gaztelumendi eta Alaia Martin ere ondo aritu ziren. Gaztelumendi gimnasio bateko entrenatzaile pertsonala zen, eta Martin forman jartzeko asmoz joan zitzaion. Hamar minutuko lana nahikoa, ordea, uzteko. Fundamentu eskasa, Gaztelumendiren usterako: «Alaiak neregana egin du bisita / eta ze desgrazia neska ikusita / ikusi egin behar zan hau zintan korrika / hurrena ez etorri takoiak jantzita». Martini berehala otu zitzaion, zegoen moduan ere ez zegoela gaizki: «Ni panpin pija bat naiz zu zara action man / hasi ta berehala apoiau naiz horman / utzi egin behar dut ta enabil broman / askoz hobeto nago espageti forman».

Zirirako joan zen añorgarra, eta hamarreko nagusian ere horrela aritu zen, Ander Lizarralderekin. Grafittigileak biak, orain urte batzuk isuna jarri zien udalak. Orain, berriz, udala bera etorri, herria dotore uzteko grafitti eske. «Grafittigintzan ibiltzen gera ni eta Ander laguna / garai batean dena debeku egilea erruduna / gogoratzen naiz bere garaian ordaindu nuen isuna / horrexegatik orain baietza izango da erantzuna / hola udalak emango digu udalak kendu ziguna». Lizarraldek hori baino ordain handiagoa nahi zuen: «Gure ametsa hori izan da bai oraintsu ta bai lehene / ta horregatik barruko harra oraindikan dugu erne / udaletxian pintatuko dut ahal bezain listo sublime / ta alkatiak ikustekuan esan behar du ai ene / hitz guztiekin idatzi behar dut alkatia putakume».

Lehen bi sailkatuei batera kantatzea egokitu zitzaien ariketa honetan, catering enpresa bateko langile moduan. Jakin berria zuten bete beharreko kalitate arau guztiak ez zituztela betetzen. «Prestatu dugu maiz catering-a ta luxuzko banketea / ezkontza bati eman diogu jana eta aterpea / baina agian tokatzen zaigu jarduera etetea / kontraesanak ez al dira ba ai ene agin maitea / alde batetik kalitatea eta prezio merkea» galdetu zion lankideari Martinek. Laburuk lasai egoteko: «Baino hala da negoziua eta egin genun txinpun / kontraesan omen da baino esango dizut segitun / badaude mila zertigikatu ta badaude mila itun / guztiak bete ezin dirala izan zaittia jakitun / jakin nahi nuke Arzakek ere guztiak betetzen ditun».

Puntuari erantzuten ere jardun ziren atzo bertsolariak. Bertso borobilik ez zen izan, baina bai erantzun ederrik. Jon Martinek, adibidez, honela kantatu zuen: «Lagundu dezakegu odola emanez», «ni beti egoten naiz eman bai eman ez / loreai petaloak biluzteko lanez / oraindik animatzen lana dut tamalez».

SAILKAPENA

1 Alaia Martin Etxebeste, 504

2. Agin Laburu Rezola, 496

3. Ander Lizarralde Jimeno, 455,5

4. Jon Martin Etxebeste, 451

5. Beñat Iguaran Amondarain, 445

6. Unai Gaztelumendi Arandia, 441

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios