Beñat Gaztelumendi aurrera Errenterian
Añorgarra zuzenean sailkatu da Tolosako finalaurrekorako; Iñaki Gurrutxaga eta Jon Martin izan dira bigarren eta hirugarren
bianditz iraola
Domingo, 25 de octubre 2015, 21:09
Beñat Gaztelumendik eskuratu zuen igande arrantsaldean Errenteriko txartela. Saio ona izan zen, nahiz eta zenbaitek aurretik duten biderako zerbait gorde. Kartzelako lanean, hala ere, pixka bat behera egin zuen saioak.
Jon Martinekin eman zion hasiera irabazleak, zortziko nagusian. Ikaskideak izatea tokatu zitzaien, selektibitatea egin berri zutenak. Nota kaxkarra atera, ordea, eta nahi zutena ikasteko ematen ez. Baikor ekin zion Martinek: «Egun batzuek pasako dittut nere zauriak miazten / eta berriro hasi beharko dut hurrengorako ikasten». Añorgarrak ikasketak bizitzarekin duen garran-tzia baliatu zuen bikain lehen bertsoan: «Aspaldidanik zuzendu nuen medikuntzarako soa / eta sentitu beharra ez da batere gauza gozoa / egun batean jokatzen degu gure bizitza osoa». Martinek jauzi txikiegia egin zutela bota zion, «gaurkoan argi ikusi dugu hemen jarri duten langa / onar dezagun gure jauzia txikiegia izan da». Gaztelumendik honela erantzun zion: «gure jauziak egin ez arren uste adina meritu / notarengatik aukeratuak izango dira mediku / eta bidean jausi direnak zeinek sendatuko ditu?».
Zortziko txikian Gaztelumendiri eta Mantxiri hegazkin batean elkarren ondoan tokatu ziren ezezagunak izan ziren. Turbulentziak hasi bezain pronto, Mantxik eskutik heldu zion Gaztelumendiri. «Nik urduri zergatik nagoen ez dakit / turbulentziak edo eskuarengatik» bota zion añorgarrak, baina zarauztarrak itentzio txarrik ez: «Kolpez turbulentzitan gu sartu orduko / akojonatu egin naiz zertan egin uko / hau ez da ligatzeko modu bat ta punto / zerbait nahi banu ez nun hola estutuko». Gaztelumendik beste aukera bat eman zion: «baina eman dezagun hasera zuzena / urte askotarako Beñat det izena». Mantxi ikaragarri ikaratuta, ordea: «Beñat daukat izena diozu nolabait / kaixo Beñat nerea ahaztu egin zait».
Gurrutxaga eta Labaka, berriz, bizilagunak ziren. Azken hamabost egunetan egunero joan zitzaion lasartearra; afaritarako garaian zerbaiten eske. Gurrutxaga hasi zen: «Nahiko ondo txukuntzen det nik nerekikoa / baina gaurkoan ere beti betikoa / Ane txirrina joka hauxe da zirkoa / nahi badezu har zazu frigorifikoa». Labakak postrea elkarrekin egitea proposatu zion, eta Gurrutxagak bai agudo onartu ere. Baina nata bila bizilagunarengana joan beharko zuela esan zion. Labakari gustatu ez: «Lagun hori pakean utzi zazu aizu / ni ondotik begira gaur jarri natzaizu / oso mantxo zabiltza aste eta jai zu / ez dizut eskatuko gatza falta zaizu».
Seiko motzean lan bat aipatzekotan, Gurrutxagak eta Mantxik egin zutena. Etorkinak ziren, asiloa eskatu zutenak; gerragatik Gurrutxagak, pobreziagatik Mantxik. Sustrai ezberdina, baina sufrimendu berak eraman zituela bota zion Gurrutxagak. Mantxik erantzun zion: «Zuek balak ta harriak / gu gose ta egarriak / malko daiola etorir gera akabo irriak / gerra duzuen herriak / ta guk pobrezi larriak / baina ea zer eskaintzen digun lurralde berriak». Ezer handirik ez, Gurrutxagaren ustez: «Borrokan jai eta astea / ume heldu eta gazte / eta gerora bizi berri bat ohitu al gaitezke / iritsiko gera laiste / baina ez espero hainbeste / errudunaren etxera goaz lagunatsun eske».
Agustina Otaola raketista profesionala pilotalekua bete-beterik zegoela (590 entzule bildu dira) egin dute bertsolariek Beñat Gaztelumendiri Tolosan jokatuko den bigarren finalerdirako txartela eman dion saioa. Atzo Zarauzkorakoa lortu zuen Agin Laburu errenterriarrak Urretxu-Zumarragako saioan, hark ere, Gaztelumendik bezala, 516 puntu lortuta.
Datorren asteburuan Zestoan eta Ormaiztegin jokatuko dira falta diren bi final laurdenak.