Jon Maia nagusi Beasaingo saioan
Zumaiarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako sailkatu da igande honetan Usurbe antzokian puntuazio altuena lortu ostean
dv
Domingo, 20 de septiembre 2015, 20:40
Beasainen abiatu da igande honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, final zortzirenetako lehen saioarekin. Sei bertsolari izan dira Usurbe Antzokiko taula gainean eta guztien artean Jon Maia zumaiarrak lortu du puntuazio altuena, 456,50. Bigarren Ane Labaka izan da, 444 punturekin. Iñigo Mantzizidor 'Mantxi'k 427 puntu lortu ditu; Beñat Iguaranek 420, Eli Pagolak ere 420, eta Haritz Mujikak 409.
Honenbestez, Maiak urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetarako txartela lortu du. Gainerakoek fase osoko puntuazioaren zain egon beharko dute.
Fase honetako gainerako saioetan bezala, honako lana egin dute sei bertsolariek: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso, eta zortziko txikiak beste hiruna; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka, gaia emandako, hamarreko txikian hiruna bertso; eta, bukatzeko, kartzelako lana, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Maiak puntuazio altuenak lortu ditu zortziko handian eta txikian, eta kartzelako lanean.
Guztira, final zortzirenetako sei saio jokatuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Beasaingoaren ondotik, Azpeitia, Lasarte-Oria, Elgoibar, Arrasate eta Andoainen izango dira fase honetako saioak. 36 bertsolari ariko dira final zortzirenetan eta horietatik 23 sailkatuko dira final laurdenetarako.