Eñaut Martikorena garaile Osinalde sarian
Bertsolari gazteei zuzendutako sarian hernaniarrak lortu zuen lehen postua, bigarrena Eneritz Artetxe azkoitiarrak eta bertso onenari emandakoa, berriz, Gemma Urteaga ordiziarrak
dv
Lunes, 13 de abril 2015, 08:58
Eñaut Martikorena hernaniarra izan zen Gabiriako Osinalde Elkartean larunbat gauean izandako XLIV. Bertsolari Gazteen Osinalde sariko irabazlea. Epaileen puntuaketa eta entzuleen aukeraketa bat etorri ziren eta honbestez, bigarren saria Eneritz Artetxe azkoitiarrak eskuratu zuen. Bertsorik onenaren saria, berriz, Gemma Urteaga ordiziarrak eskuratu zuen bakarkako lanean kantatutako bigarren bertsoarengatik.
Finalean, Zaldibiako Osinberde sariketan sailkatutako Eneritz Artetxe (Azkoitia) eta Xabi Igoa (Aramaio), Ordiziko Argi Berri sariketan sailkatutako Oihana Iguaran (Amasa-Villabona) eta Gemma Urteaga (Beasain) eta Gabiriako Aztiri auzoko Aztiri Elkartean sailkatutako Jon Gurrutxaga (Azpeitia) eta Eñaut Martikorena (Hernani) izan ziren bertsotan, Eñaut Asurabarrenak emandako gaiei erantzunez. Koplatan jarduteko berriz, Asier Bidegainen eta Julen Zabaluaren laguntza izan zuten trikiti eta panderoan.
Ehun eta hamahiru lagun izan ziren afaltzen, baina saioa entzutera inguratutakoekin batera, lepo bete zen Gabiriako Osinalde Elkartea giro bikaina sortuz. Adin guztietako jendea izan zen ahots soilez osatzen den sei gazteen saioa zintzo-zintzo entzun eta txalo zaparradez eskertu zuena. Gabiriakoez gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratu zen: tartean, aurten nahiz aurreko urteetan Osinalde sariketan parte hartutako bertsolariak edota beste hainbat bertsolari ezagun ere ikusi ahal izan zirenm.
Emandako bi punturi erantzuten, zortziko nagusian eta txikian ofiziotan, bakarka gaia emanda bina bertso osatzen, hitz bati bertso bat botatzen, hamarreko txikian eta kopletan aritu behar izan zuten bertsolariek. Era guztietako gaiak izan zituzten eta hori dela eta egoera ezberdinetan kokatzen jakin zuten sei gazteek. Gemma Urteagak bertsorik onena bota zuen saioan, honakoa zuen gaia: Gaitz bat diagnostikatu dizute. Sendagaia egon badago, baina ez da sartzen osasun publikoan, eta zuk ezin duzu ordaindu. Bigarren bertso horretan, Gaixotasunak ez nau hil behar, Gobernuak hil behar nau abestu zuen. Bertsolari guztiek ere, saioan zehar izandako egoerak baliatzeko, zein egindako aipamenak lotzeko gaitasuna erakutsi zuten, ale ederrak utziz eta barre algara ugari eraginez.
Sariei dagokienez, Gabiriako gazteek eskainitako bigarren saria jaso zuen Eneritz Artetxek. Bertsorik onenarena, Altzibar Lorategiak eskainitako saria, Gemma Urteagak etxeratu zuen eta epai-mahaikoen puntuaketaren arabera eta entzuleen gustuko bertsolari izaki, Pott Keramikak egin eta Osinalde Elkarteak eskaintzen duen sari nagusia, Eñaut Martikorenak eskuratu zuen. Egindako lan mardula eskertu eta saritu asmoz ordea, finalera iristea lortu zuten bertsolari guztiei eman zitzaien Gabiriako Baztarrika gaztandegiak eskainitako Idiazabal jatorri-izendapeneko gazta eder bana.
Martxoaren 14an eman zitzaion hasiera XLIV. Bertsolari gazteen Osinalde Sariari eta hiru kanporaketen ostean, hemezortzi bertsolariren ahaleginaren ondoren, larunbat gauean amaitu zen. Datorren urtean ere, beste hemezortzi gazteren lanaz gozatzeko aukera izango da XLV. Osinalde Sariketan.