Bittor Kapanagaren lan guztiak publikatzen hasi da Gerediaga
Hizkuntzaren ikerlaria izan zen eta 1978an 'Euskera erro eta gara' liburua plazaratu zuen
felix ibargutxi
Sábado, 8 de noviembre 2014, 11:37
Bittor Kapanagaren (1925-2011) obra osoak argitaratzeari ekin dio Gerediaga elkarteak. Bi tomo handi izango dira, eta lehenbizikoa kalean da jadanik: Lan guztiak I. Euskaldunon hizkuntza eta ikuskera. Edizio-lanak: Juan Martin Elexpuruk egin ditu, eta aurre lanak Enrike Alañak, Patxi Alañak, Aintzane Lazkanok, Gontzal Mendibilek, Jose Mari Ugaldea Willy-k.
«Gerediaga Elkarteko kide fina izan zen Bittor ia bere sorreratik. Erakunde honek ematen duen sari ohoretsua, Argizaiola, jaso zuen 1997an. Gure elkartearentzat ohore handia da haren lanak argitaratzea, eta aldi berean, berarekin dugun zorra kitatzeko ahalegina ere bada», adierazi du Antton Mari Aldekoa-Otalorak Gerediaga elkartearen izenean.
Pentsalaria izan Kapanaga. Otxandion 1925ean jaioa, Euskera erro eta gara argitaratu zuen 1978an, eta orain ere batez ere liburu horregantik da ezaguna. Gero asko idatzi zuen, baina gutxi publikatu.
Gerediagak publikatu duen lehenbiziko tomo honetan euskerari eta euskaldunon mundu ikuskerari buruzko lau lan irakurri ahal izango dira, egilearen biografia batekin batera. Horietako bi, argitaratuak: Euskera erro eta gara (1978) eta Testu zahar baten bitxitasunak (1983). Beste hiru, argitaragabeak: Euskera batua eta euskalkiak (1984), Euskaldunon ikuskera (2001) eta Initza (2004).
Datorren urtean plazaratuko den bigarren liburukian joango da beste guztia: kantuen letrak eta poemak, Euzko Gogoa, Karmel, Zeruko Argia, Anaitasuna eta beste zenbait aldizkaritan idatzitako artikuluak, egunkari eta aldizkarietan egindako elkarrizketak, Euskal Herriko eta atzerriko euskalariei idatzitako gutunak, Olentzarori buruzkoak, eta abar. Antton Mari Aldekoa-Otaloraren kontura joango dira edizio-lanak.
Batez ere euskararen ikerlaria izan zen Kapanaga. Autodidakta izan zen, unibertsitatea zapaldu gabea, eta gainera oso kritiko unibertsitatearekin. Liburu honetarako Juan Martin Elexpuruk idatzi duen biografian hau irakur daiteke: «Bittor horrela mintzatu zen unibertsitate batean 1995ean, Bergarako UNEDen, hitzaldiaren hasieran: Unibertsitateak ere irendu egiten gaituela, gaurko sistemak. Irendu. Zer pasatzen da? Ba unibertsitate baten lanak egin behar dituenaketa ohituta daude zitak, zitak Jarraitu egin behar duzu. Ni ez naiz unibertsitatean ibili, baina zitaren menpekotasun horrek esan nahi du jarraitu egin behar duela, beste batek esan duena erabili eta erabili. Eta gure askatasuna zer? Nun dago gauzak berriz ikusteko eta egitzat dauden gezur sakratuak gezurtzat salatzeko, edo gezurtzat dauden egi gordinak egiztatzeko askatasuna?»