Borrar

Zestoako EH BIlduk PNVren idatzia «arinkeriaz beteta» dagoela dio

K. ARRIZABALAGA

Domingo, 25 de enero 2015, 01:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Atzo Zestoako EAJ-PNV-k argitaratutako idatziari erantzunez, Zestoako EH Bilduk honako hau plazaratu nahi du: «Askotan hobea izan ohi da zenbaitzuen arinkeriei erantzuten denborarik ez galtzea baina azkenaldian Zestoako PNVK argitara eman dituen funtsik gabekoei bidea egiten uztea larriagoa litzatekeen ustetan, Zestoako EH Bilduk ondoko hausnarketak luzatu nahi lituzke».

Hasteko diote, «proiektu baten gauzatzea herri galdeketa bidez erabakitzeari inposaketa deitzen dio PNVK. Bere burua orbainik gabeko demokratatzat duen alderdi batek nola idatz dezake antzekorik. Hori ote PNVK demokraziaz duen ikuspegi zabala? Herritarrak lau urtez behin botoa ematera muga daitezela eta gainontzekoetan politikari ahalguztidunek egin eta pentsa dezatela herritarren ordez, herritarrak aditz txikikoak bailiran».

«Inolako oinarririk gabe, Zubietako TMB plantan mekaniko zein biologikoki tratatuko diren hondakinek usai, gas eta abarrak sortuko dituztela diote. Ongi baino hobeto dakitenean, Zestoara ekarriko litzatekeen materiala guztiz egonkortua dela, eta Europako herrialde aurreratuenetan antzeko proiektuak arrakasta osoz burutu direla. Akuiferoen egoeraz kezkaturik PNV, noiz eta Abiadura Handiko Trena bezalako zentzugabeko obra erraldoiak Gipuzkoako mendigune garrantzitsuenak zulatu eta txikitzearen ondorioz, Tolosaldeako akuifero garrantzitsuenak lehortze arriskuan aurkitzen direnean. Noiz eta Fracking bidez gasa ateratzea bezalako teknika txikitzaileen aurkako jarreran atzera egin dutenean. Nola ahaztu bestalde, Zestoako Harrobia urteetan ustiatu duen enpresarekin PNVk izan duen lotura zuzena? Enpresak eskaturiko ustiaketaren mugak luzatzea babesteraino iritsi zen PNV, enpresak aurrez ezarrita zituen muga guztiak gainditu zituenean. Zorionez, gehiengo osorik ez zutelako, lortu ez zutena. Hauengatik balitz, Ertxin mendia guztiz suntsitu eta bere magalean aurkitu berri diren ondareen berri ez genuen sekula izango» azpimarratzen dute. «Lanpostuak galduko direla, 'zaborraren herria' goitizenaz ezagutuko dela Zestoa, herri degradatu bihurtuko ginatekeela, gure etxebizitzek erakargarritasuna galduko luketela ., apur bat gehiago eta Zestoaren ordez, 1945eko Nagasaki irudikatuko liguke PNVK. Eta hain egoera larria aurreikusita, zergatik ez da PNV herriko Udalak eragile guztientzat deitu dituen jarraipen batzorde bakar batera ere azaldu? Herriko merkataritza eta turismoaz hain kezkaturik badaude, aurreko astean nolatan ez zen, egun batzordeburu eta PNVko alkategai izango dena, aipatu gaien batzordera agertu ere egin? Beste behin ere, erantzukizun politikoaren eredu Zestoako PNV, zalantza izpirik gabe».

Hori bai, «Gipuzkoako Batzar Nagusiek bere garaian onartu zuten hondakinen plangintza betetzea aldarrikatzen du Zestoako PNVk. Eta noski, nahiz eta zestoarrok, galdeketa bidez, gehiengo osoz errauskailua baztertzea erabaki, hau ez litzateke inposaketa. Portzierto, argituko al digu Zestoako PNVK, defendatzen duten hondakinen planean, errauskailuak utzitako errauts toxiko eta zepak zein biltegitan gorde nahiko lituzketen?»

Bukatzeko, EH Bilduk «Osinbeltzko proiektua herri ondoan daukagun eremu degradatu bat berreskuratzeko baliagarria izan daitekeela uste du eta Europako hainbat adibidetan oinarriturik Ertxiñ mendigunea pertsonen aisialdirako gune bilakatu. Ez gara guztiz erotu eta gu ere bertako herritar izanda esaten ari diren astakeriarik txikiena egiteko adina ere ez gara ergeldu. Beraz, gai honen inguruan herri galdeketara begira ireki nahi den prozesu parte hartzailean parte hartzera animatu nahi zaituztegu» diote. «Herritarren iritziak eta aditu ezberdinenak partekatuz eta azkenean herritarrok erabakiaz proiektua eraiki nahi dugun ala ez. Gure ustez, aipatu parte hartze prozesua ariketa aberats bezain interesgarria izan daiteke, denok daukagu zer ikasia eta antzeko proiektuak ezin dira politikarien hika-miketan usteltzen utzi» esanez bukatu zuten EH Bildukoek.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios