Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Talde nagusia. Amets Arzallus, Xabier Silveira, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Jokin Sorozabal, Iñaki Gurrutxaga eta Igor Elortza, zain. Lanean, Maialen Lujanbio eta Jon Maia. Bikaina izan zen bien artean osatu zuten saioa. :: ARGAZKIAK: DAVID APREA
BERTSO EGUNA

Hutsunerik gabeko ikuskizuna

Tradizioa eta esperimentazioa uztartu zituen Bertso Eguneko ekitaldi nagusiak

NEREA AZURMENDI

Domingo, 31 de enero 2010, 04:50

«Badirudi bertsolarien ezaugarriak aldatzearekin, arteak ematen dituen aukerei eusteko premia sentitu duela bapatean ari denak ere. Ea zer dioen etorkizunak», idatzi zuen Andoni Egañak 1999an, 'Bertsolaritza eta Artea' artikuluan. Orduko Andoni Egañarentzat, etorkizunean zegoen 2010eko urtarrilaren 30a, Jorge Oteizaren inguruan osatutako 'hustubetehustu' ikuskizunaren bitartez bertsoak eta arteak bat egin zuten eguna. Oteizaren ikur bilakatu den bufanda gorria lepotik zintzilik zuela, aurkezle lanetan aritu zen Andoni Egañak zuzen-zuzenean ikusi ahal izan zuen atzo, Kursaaleko auditorioko 1.800 eserlekuak betetzen zituztenek bezala, zein ondo aprobetxatu zituen bertsolaritzak Jorge Oteizaren arteak eman zizkion aukerak, hutsunerik eta hutsik gabeko ikuskizun bete-betea izan baitzen Bertso Eguneko ekitaldi nagusia.

Ikuskizuna hasi aurretik, zaila zen irudikatzea nola egin zitekeen Oteizarengandik bertsorako jauzia bata edo bestea kaltetu gabe. Ikuskizuna hasi eta berehala erakutsi zuten ordea horren sortzaileek ezohiko bidaia hiru urratsetan egiteko gai zirela. Aurreneko urratsa: atzokoan eztarriari atseden eman zion Andoni Egañaren ardura zen Oteizarekin zerikusia zuen pasarte, esaldi edo ezaugarriren bat gogora ekartzea. Bigarren urratsa: Egañak gogora ekarritakoan oinarritutako gaia ematen zien Unai Elizasuk bertsolariei. Hirugarren urratsa: bertsolariei, ohiko moduan, emandako lana burutzea zegokien.

Aurkezleak, gai jartzaileak, bertsolariek, tarteka azaldu ziren Kukai taldeko dantzariek, eszenografia -apaindura handirik gabea, oteizar kutsukoa- sortu zutenek..., denek konplitu zutenez, Oteizaren ekarpenek aberastu zuten bertsoa eta bertsoek eraman zituzten entzuleak Oteizaren unibertsora.

'Laborategi bat da bertsoa'

Oteizarentzat balio sinboliko handia zuen zirkulu baten barrutik egin zuten agurra saioa ardaztu zuten zortzi bertsolariek: Igor Elortzak, Iñaki Gurrutxagak, Uxue Alberdik, Xabier Silveirak, Jon Maiak, Jokin Sorozabalek, Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok. «Tradizioa eta esperimentaltasuna» uztartzeko asmoz zetozela aurreratu zuen Alberdik -«laborategi bat da bertsoa», gaineratuz- eta horixe egin zuten bi ordu pasatxo iraun zuen saioan zehar. Ez beti neurri berean, bertsolariek egin zituzten hamasei agerraldietan izan baitziren erabat tradizionaltzat jo daitezkeen ariketak proposamen berritzaileagoen artean. Eskakizun bereziko ariketak egokitu zitzaizkien, esaterako, puntuak kenduz bidaia luze baten berri eman behar izan zuen Amets Arzallusi. Edota, bertsoa biluzteko ahaleginean, kantua eta errezitatutako zatiak tartekatu behar izan zituen Jon Maiari. Xabier Silveirak ere egin behar izan zuen bakarkako ariketa original samarra, bi zakutatik hartutako hitzekin bertso bat osatuz. Bere erara egin zuen, noski, saio osoan zehar erakutsi zuen estilo zeharo aske eta partikularrean...

Kanpoaldeko eguraldi ekaiztsuarekin bat egin nahirik edo, txalo zaparrada ederrak jaso zituzten bertsolariek agerraldi guztietan, baina izan ziren eskuak sutan jarri zituzten lanak, hala nola Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak binaka -Maialen memoria eta iragana, Maia atzera begiratzea alferrik dela uste duena- burutu zutena, edota Lujanbiok, bakarka, euskara gai hartuta osatu zituen bertsoak. Lujanbio, Maia eta Alberdi bertsolaritzaren egoeraz aritu zirenean ere gogotik jo zuen txalo jendeak.

Edonola ere, lehiaren presiotik eta ezinbestean bete beharreko baldintzen morrontzatik libre, bertsolari guztiak aritu ziren ederki eta eroso. Baita «guk zer arraio esan behar degu honelako leku baten» esaka hasi ziren Txomin Garmendia eta Patxi Etxeberria beteranoak ere, bertsolaritza asko gaztetu den arren belaunaldi guztien ondare dela erakustera etorriak. Bikoteak beste garai batzuetako bertsolaritzaren lekukotasuna ekarri bazuen, zazpi lurraldeetako beste horrenbeste bertsolarik, bakoitzak bere mintzairan, itxi zuten bertsoaren zirkulua.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hutsunerik gabeko ikuskizuna

Hutsunerik gabeko ikuskizuna