Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Liburua sortzearen esperientzia bitxia, polita eta ilusionantea izan omen da. /G. ZABALETA
«Elementu eta toki desberdinetan kokatutako ipuinak osatzen saiatu naiz»
JOSU WALIÑO, 'BEDERATZI ATEAK' LIBURUAREN EGILEA IRAKURTERRAZA FANTASIA

«Elementu eta toki desberdinetan kokatutako ipuinak osatzen saiatu naiz»

'Bederatzi ateak' izeneko ipuin bilduma idatzi du Josu Waliño zumaiarrak. Liburua irailaren erdi aldera edo amaieran izango da liburu-dendetan

JUAN LUIS ROMATET

Domingo, 31 de agosto 2008, 06:41

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Igarotzen diren ateak bederatzi badira ere, liburuan jasotzen diren ipuinak fantasiaren mundua ukitzen duten hamar lan dira. Liburuari eta generoari buruz hitz egin dugu.

- Bitxia izan da liburu honen sor-tze prozesua, ezta? Istorio bat, sari bat, argitaratze-proposamen bat. Nolakoa izan da eta nola bizi izan duzu?

- Bitxia, polita eta ilusionantea izan dela ere esango nuke. Galiziako lagun batzuek kontatutako istorio batetik abiatu zen guztia, lan bazkari batean, hain zuzen ere. Haiekin bazkaltzen ari nintzela, Galizian duten bederatzi ateen kondaira kontatu zidaten. Kondaira horren arabera, Infernurako sarbide diren bederatzi ate Galizian daude kokatuta, eta lagun hauek ate horietako bat ikustera joan ziren: barruan demonio baten irudia duen baseliza bat. Bisita Domu Santu bezperako gauean egin zuten, haien lagun berezi batek gidatuta eta beraien kontakizunean gau hartan pasa zuten beldurra transmititu zidaten. Kontakizuna ez zen fantastikoa, baseliza hartan benetan demonio baten irudia omen dago eta hori ikusten amaitu zuten, baina kontatu zuten modua gustatu zitzaidan eta istorio harekin ipuin bat idaztea bururatu zitzaidan, liburua irekitzen duen ipuina, hain zuzen ere. Handik urte betera edo EHUk fantasiazko literatur lehiaketa bat zuela jakin nuen eta ipuina bertan aurkeztea erabaki nuen. Ipuinak lehen saria jaso zuen, eta sariaren oihartzunaren eraginez Txalapartatik deitu zidaten: ipuina gustatu zitzaiela eta gainerako zortzi ateak zabaltzera animatu nahi ninduten. Erronka onartzea erabaki nuen, eta hemen dago emaitza.

- Tarteka Poe bezalako klasiko handien zantzuak sumatzen dira liburuan zehar, baina ahots propioz mintzo zarela begitandu zait. Zein zailtasun tekniko aurkitu dituzu narrazioak ehuntzeko eta nola egin diezu aurre?

- Hasieratik garbi neukan ez nuela ipuin bilduma huts bat osatu nahi. Horregatik, bederatzi ipuinez osatu beharrean, hamarrez osatu dut liburua, narrazioari egitura bat eman nahian. Baina zailtasun nagusia niretzat gai bakarraren inguruan hainbeste istorio lotzea izan da, monotoniaren arriskua ikusten nuen eta hori gainditzen egin dut ahalegin berezia. Horregatik istorioak ikuspegi desberdinetatik jorratu ditut, mota desberdinetako ipuinak osa-tzen saiatu naiz, elementu eta toki desberdinetan kokatuta, eta nik uste lortu dudala. Ondorioz ipuin bakoitzak berezko nortasuna du, eta batzuk beldur gotikoarekin antzekotasun gehiago duten bitartean beste batzuk misterio istorioak dira besterik gabe. Bestalde, hor egin dut topo beste zailtasun batekin: genero hau topikoz beteta dago, eta oso zaila da topikotatik ihes egitea. Horregatik itxura gotikoa duen ipuin bat irakurtzean Poe etortzen zaigu berehala burura, baina hori baino gehiago da azkenean. Helburu bat izan dut hasieratik buruan: liburu entretenigarria idaztea, nik gustura irakurriko nukeen zerbait egitea, eta beraz, nahita edo nahi gabe ezagutzen ditudan erreferentziak halabeharrez ageri dira liburuan, baina beti saiatu naiz istorio bakoitzari bere nortasuna ematen.

- Genero fantastikoak munduan zehar milioika zaletu izan arren, gurean, salbuespenak salbuespen, ez dauka oihartzun handirik. Zalea zara?

- Bai, generoaren zalea naiz, dituen alderdi desberdinetan: literatura, zinema zein komikian, eta uste dut hori nabaritzen dela liburuan. Irakurle amorratua naiz, baina entretenitzeko irakurtzea dut gustuko eta beraz, abentura, fantasia edo misteriozko istorioak gustatzen zaizkit bereziki. Betidanik jarraitu dudan generoa da misterio eta fantasiarena, eta zoritxarrez euskaraz ezer gutxi badago ere, beste hizkuntza batzuetan irakurri ohi dut, klasikoak bereziki: Poe, Stoker edo Matheson bezalakoak.

- Bada, nola ikusten duzu genero hori gurean? Zein lan irakurri duzu eta zeintzuk iruditzen zaizkizu gomendatzeko modukoak?

- Zoritxarrez euskaraz ezer gutxi dago fantasia eta misterioaren alorrean. Zoritxarrez diot, irakurle asko dituelako generoak eta beste hizkuntzatan merezi duen garran-tzia ematen zaion bitartean euskaraz oso arraroa da literatura fantastikoa aurkitzea. Euskaraz Conan Doyle eta Poe bezalako klasikoak argitaratu izan dira, eta lan berrien artean oso komertzialak diren lanak baino ez dira argitaratzen, , edo ren modukoak, baina badira oso interesgarriak diren egile eta lanak azken urteotan indar handia hartzen ari direnak: hor daude Sapkowski edo George R. R. Martin bezalako egileak, beraien liburuekin generoa erabat berritzen ari direnak. Beste hizkuntzatan argitaletxe txikiek egin dute hauen aldeko apustua, eta bete-betean asmatu dute, orain haien liburuak zinema eta telebistara pasatzen ari direlako. Ondo legoke Euskal Herrian ere argitaletxeren batek horrelako idazleak euskal irakurleei gerturatzea.

- Idazten jarraitzeko asmorik baduzu?

- Zoritxarrez ez daukat nahi adina denbora idazteko, eta gainera irakurtzea idaztea baino gehiago gustatzen zaidanez, kosta egiten zait denbora hartzea. Dena den, datorren urtean haur literaturako lantxo bat argitaratuko dut, Ander Hormazuriren marrazkiekin, eta bestela ere baditut buruan pare bat proiektu, pixkanaka garatu nahi ditudanak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios