
Antoniano Kultur Aretoa jendez beteta zegoen: alde batetik egileak eta Udaleko Euskara Zerbi-tzuaren arduraduna den Imanol Lasa zegoen eta bestetik, beren testigantzekin liburua egiten lagundu duten zarauztar aiton-amonak eta beraien familiartekoak.
Ekitaldian liburua nola egin den azaltzen zuen 10 minututako DVD bat erakutsi zuten. Liburuan DVD bat ere sartu dutela azaldu zuten egileek, bere testigantzekin kolaboratu duten pertsona guztien ahotsekin.
Ondoren, liburua egiten lagundu duten pertsona guztien izenak aipatu ziren banan bana eta liburua banatu zitzaien. Bertaratu ziren zarauztarrek ere liburua jaso zuten opari gisa. Ekitaldia oso hunkigarria izan zen.
Liburuaren egileek, halaber, Interneten testigantzak kontsultatu daitezkeela azaldu zuten. www.hizketan.org da kontsultak egin daitezkeen web orriaren helbidea. Orrialde honetan, Zarauzko adineko jendeari egindako grabazioen pasarteak aurkitu ahal izango dira, kolaboratzaileen datu biografiko batzuekin batera. Zarauzko euskara, antzinako kontuak, lehengo bizimodua eta beste zenbait gaitaz hitzegin zuten elkarrizketatutako 50 lagunek.





