Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du Hendaiako Abadia jauregian larunbatean
Abadia Sarien 25. edizioa ospatzeko antolatu diren ekintza berezien artean lehenengoa izango da
I. Altuna
Donostia
Miércoles, 28 de mayo 2025, 13:02
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak 25. edizioa du aurtengoa. 1996an martxan jarri zenetik, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortu du. Honela, 2025 Saria Gure Zirkuak jasoko du «aisia eta dibertimenduaren bidez» euskararen alde egiten duen ekarpen berritzaileagatik, epaimahaiaren esanetan.
Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an egingo da Eibarren, baina aurretik, hainbat ekimen antolatu dira 25. urtemuga ospatatzeko, «euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun», adierazi dute aldunditik.
Lehenengoa larunbat honetan iritsiko da Ruper Ordorika musikariaren eskutik. Egun horretan kontzertua eskainiko du Hendaiako Abadia jauregian, iaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu irekia izango da, baina beharrezkoa izango da aurretiaz gonbidapenak lortzea, gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian. Emanaldia 18:30ean Abadia jauregiaren kanpoaldean izango da. Euria egingo balu, bi saio eskainiko dira jauregiko kaperan, 16:30ean eta 18:30ean.
Ekainaren 2an, berriz, Anton Abadiaren bizitza ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko parada eskainiko dute Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabatuko duten bideo-podcast saioan.
Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko du Foru Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskarara eta frantsesera ere ekarri dute, aurretik gaztelaniaz soilik aurkitu zitekeen eta.
Iparraldeko Plazara kolektiboak, berriz, Anton Abadiari buruzko Escape-room erronka sortuko du eta Abadia jauregian bertan martxan jarriko du egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.