Ni Zu nauzu, sorgin zuria, sorginiluna
Aurkeztu zen pasa ostegunean aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea definituko duen afixa, bere isla garbia baina ilunabarrekoa izango dena. Seguru horren berri jaso izan duzuela dagoeneko. Ziur badakizuela Paul Urkijoren Irati-n Mari jainkosa izandako Itziar Ituñok bere gain hartu zuela Onaren eta Gaitzaren artean den marra estu eta hauskor horren gainean dantza egiteko erantzukizuna.
Publicidad
Ez dut inolako dudarik, ederki dakizue zuek sendatzeko abilezia duen izakiak hiltzekoa ere baduela. Ez da ba harritzekoa Alive VFX &Design-eko artistek (parte hartuak dira guk sakon maitaturiko hainbat pelikuletan, Veneciafrenia, kasu, Manticora, kasu, Irati bera, kasu) aurpegi eta nortasun biko pertsonaiarekin amets egin izatea kartel horretarako.
Itziar bertan ikusi orduko mirestu egiten ditugun beste hainbat sorgin datozkigu errekuerdoetara: Willow pelikulako Bavmorda, Malefica (semper fidelis zurekiko, Andrea…) Roald Dahlek sortutakoak, Morticia Addams bera (berorren eskuetan eta esanetara gaude gu), Suspiria-ko guztiak, La maschera del demonio–ren Barbara Steele ahaztezina, Alex de la Iglesiasen Las brujas de Zugarramurdi-ko Terele Pávez eta Carmen Maura, Behe Nafarroako Inesa Gaxen, Bathory Kondesari burutu zituen aldebreskerietan, barrabaskerietan ezinbesteko laguntza eskaini zioten Carpatos mendietan ezkutatzen ziren beldurgarri haiek, 1922ko Haxan dokumental markaz kanpoko horiek, Robert Eggersek filmaturiko The Witch hura…
Itziar bertan ikusi orduko mirestu egiten ditugun beste hainbat sorgin datozkigu errekuerdoetara
Interesgarria, interesgarria oso, suertatu zen Victoria Eugenia antzokiaren beheko aretoan egindako bilera. Bertan deskubritu genuen Gremlinsak, Jim Henson txotxongilogile paregabeak asmaturiko Dark Crystal edo David Bowiek bisitaturiko Labyrinth bezalako filmek markatu zietela Itziarri bai bere zinemarekiko atxikimendua bai bere fantasiazko iruditeria. Deskubritu ere zodiakoari dagokiolarik, Bikiena dela bere zeinua eta San Juan egunaren goiz goizean jasotako erromero, intsusa, asun, hilerri-lili, ziza ilun-hankahorixka eta abarrez eginiko ukendua prestatzen duela kolpeek eraginiko mina baretzeko…
Victoria Eugeniaren behealdeko aretoan bildutakoek Beldurrezko Astearen gaineko xehetasun estreinakoak jakin genituen. Baina notizia horietan barne ibili aurretik, beste kontu bat, afixaren sorkuntzan esku hartu duen emakume txit interesgarriaren izena aipatu beharrean eta desiran gaude: Nerea Torrijos, hainbat eta hainbat puntaren puntako filmen pertsonaiak jantzi egin dituen bizkaitarra. Baina, zein filmetako jantziez arduratu izan da Nere? Ba, diru/sarrera leihatilaren markak hautsi dituzten Errementari, Irati, American Carnage, 20,000 especies de abejas bezalako izenburu handietan. Zuzendaritzan hasi berritan, fantasiazko zinemaldi askok programatu izan duten Influencer da Nerearen lehen film labur galdu ezinezkoa.
Publicidad
Barka, hurrengo Fantasiazko Astearen sekretuez ari ginen, agerian geratu diren lehenbiziko horiez. Ederki dakizue sorginen inguruan, ondoan, aldean eta alde elkartuko garela urriaren 27an hasi eta azaroaren 3an bukatuko diren gau eta egun horietan, Kataluniako gure Molins de Reiko anai-arreba gauekoekin batera, aldi berean eta konplizitate sendoz.
Nerea Torrijos, hainbat eta hainbat puntaren puntako filmen pertsonaiak jantzi egin dituen bizkaitarrak, sortu du afixa
Sorginkeriaz, sorgintasunaz, idatziriko Beso negro: Brujería, cine y cultura pop izenburu ezin egokiagorik duen liburua plazaratuko da egun eta gau horietako ordu txikietan. Izugarria da beren egileen ibilbidea fantasiaren gurutze-bideetan zehar. Diego Salgadok eta Elisa McCauslandek elkarrekin idatzi izan dituzte askok arbuiatu arren, guk kulturatzat jotzen dugun gure mundu itzalezkoari buruzko bi saiakera ezinbesteko: Supernovas: Una historia de la ciencia ficción audiovisual eta Sueños y Fábulas: Historia de Vértigo.
Publicidad
Elisak bere aldetik, feminismoa eta super ahalmenak hertsi lotu zituen zenbait sari garrantzitsu jaso zuen bere Wonder Womani buruzko saiakera zoragarrian.
Arrasto gehiago utzi zuen osteguneko bilerak guregan. Badakizue Okendo kultur etxean lur japoniarretako dimentsio ezezagunetan jaio/sortu ziren, diren kaiju eta koyaki deituriko munstroen laudorioa egiten duten afixen erakusketa ikaragarria ikusteko aukera noraezekoa izango dugula.
Bertan, Filmin plataforman prezio onean duzuen pelikula bati egingo zaio omenaldi txikia baina bene-benetakoa. 1973koa da eta 'Kanashimi no Beradona' (Belladonna of Sadness) du izenburu tristatu eta esanguratsua. Eiichi Yamamotok sinatua, XIXgarren mendean Jules Michelet idatziriko La Sorcière kontakizuna hartzen du inspirazio iturri basaki, errukigabe bortxatu zuten goi mailako jendaiaren gainean mendekua hartu nahi duen neska hobengabe baten istorioa kontatzeko. Gaizkile horien kontra irabazi beharreko gudan aritzeko, demonio guztien laguntza eskatuko eta bereganatuko du fin finki baina min handiz marrazturiko ipuin malapartatu honetan. Sentsualitatea darie marrazki horiei. Erotismo bortitza, Pena ikaragarria.
Publicidad
Mendekuaren egarriak, goseak, desirak erre egingo ditu Jeanneren barrenak. Gaiztoek zauritutako errai horietatik sortuko den demonio laguntzaileak zera esango dio: Ni Zu nauzu, ni zuk sortua naiz. Ez galdu, bilatu zuen etxe barruko pantailetan euskaraz belaiki izena duen belladona landare ilun horren arrastoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión