«Musikaren mundu honetan nire lekutxoa badudala sentitzen dut»
Sara Zozaya kantautore donostiarrak larunbatean, azaroak 4, Dabadaban aurkeztuko du 'Nara', bere bakarkako lehen diskoa
Itziar Altuna
Donostia
Ostirala, 3 azaroa 2023, 13:10
Sara Zozaya musikari donostiarrak urriaren 20an eman zuen ezagutzera bere lehen LP 'Nara', eta hasi berri duen birarekin larunbatean, azaroak 4, Donostiako Dadadaban izango da, 21.00etan. «Etxean jotzea beti da berezia», onartzen du, baina «baita zailagoa, izan ere emozio asko pilatzen dira», dio. Oholtza gainean bidelagun izango ditu diskoaren grabazioan parte hartu duten Antton Goikoetxea (gitarra) eta Asier Renteria (bateria), eta beraiekin batera Paule Bilbao (gitarra eta ahotsa).
Azken asteetan «buru-belarri» ari da bira honetan lanean, «argi diseinu berezia» izango duena. Larunbateko kontzertu «berezian» diskoko kantak aurkeztuko ditu, baina baita «aurreko beste batzuk». Abendua arte hainbat hitzordu baditu, Madrilen, Bartzelonan, Lazkaon eta Gasteizen, eta datorren urtera begira «bigarren txandari» ekiteko prest dago.
Hamar abesti bildu ditu kantautore donostiarrak 'Nara' diskoan, bakarka zein kolektiboki funtzionatzen dutenak, eta beste artistekin elkarlanean jaso dituenak, besteak beste Valdivia abeslari madrildarra, Amorante, Bengo eta Liamekin. «Kantu bakoitzak nire memoria, nire bizitzako une bat islatzen du». Albumaren izenburuari dagokionez, bi arrazoi nagusi izan zituen aukeratzeko orduan. Alde batetik «Nara Japoniako hiri bat da eta nik asko konektatzen dut bertako kulturarekin». Bestalde, «Saratik Narara transformazio hori sinbolizatu dut diskoan, Sara zen ume hori hor dagoela, baina helduagoko gorputz honetan jarraitzen duela. Atzera bidaia bezala planteatu dut diskoa».
Estilo desberdinak
Lehendik ezagutzera eman zituen hiru aurrerapen-singlekin ('Misty, 'Caravan' eta 'Maitia) batera, 'Lo' (Valdivia), 'Parece' (Amorante), 'xxx, 'Nara', 'The Sun (Liam), 'Aingurak' eta 'Uda' abestiak aukeratu ditu Sara Zozayak. Hainbat kantu kanpoan utzi ditu, «intentzioarekin, lantzen jarraitzeko. Baina iritsi direnak iritsi dira. Batzuk garbi nituen, aspalditik zeudelako konposizio prozesuan, baina badago kantu bat bi egun lehenago bukatu nuena, eta garbi nuen sartu nahi nuela». Jon Agirrezabala 'Zabalak' ekoitzitako diskoa da, 2022ko udan grabatu zena Bilbon, El Tigre Studios-en.
Estilo desberdinetatik hartzen du artista donostiarraren musikak. «Musika desberdina entzuten dut eta beti joan izan naiz kontzertu askotara» aitortzen du. «Kontsumitu dudan guzti hori dut barruan eta sortzerako mementoan ateratzen da nahasketa hori». Estilo konkreturik ez duela baina genero desberdinak ukitzen dituela dio, eta horiek batzen dituena bere ahotsa dela, «eta eskerrak, ze bestela zaila izango zen bateratzea. Pop-etik joanda, post-rokc estilora, baita elektronika ukitzen ditut. Estilo aldetik bidaia handi bat da azken lan hau. Gustatzen zaidana eta egiten dudana islatzen da disko honetan».
Abestien letrei «orain garrantzi gehiago» ematen die Sara Zozayak, horregatik ingelesa alde batetara uztea pentsatu du, «ez naizelako lehen bezain ondo komunikatzen ingelesez, eta nik komunikatzeko gaitasuna duen letra bat sortu nahi dudalako». Orokorrean euskaraz eta erdaraz idazten du. «Kantu bakoitzak eskatzen dit zein hizkuntzatan egin, ez dakit zergatik, baina argi ikusten dut, sentitzen dut. Euskaraz gehiago ateratzen zait, baina aldi berean erdarazko letrak zuzenagoak dira, euskarazko letretan metafora gehiago erabiltzen ditut, eta erdarazko letrek transmisio gehiago dutela uste dut, zuzenagoak direlako».
Etorkizunera begira
Kantautore donostiarra hainbat proiektutan ibili izan da, besteak beste Nerabe taldeko abeslari izan zen. «Asko ikasi nuen urte haietan, baina sorkuntza aldetik nik neuk nire aldetik sortu nahi nuen, une oro nagoen mementoan nahi dudan musika islatzeko, sorkuntza beti garatzen izateko». Bere sormen prozesua «normalean akorde batekin» hasten da. «Mugikorreko audioetan grabatzen ditut, denbora pasatzen denean berriro entzuteko. Orduan, doinu horrek zerbait esaten badit garatzen joaten naiz». Orain 80 ideia inguru badituela dio, «batzuk aurreratuak, baina beste batzuk badakit azkenean ez direla aterako».
Lehen diskoaren aurkezpen biran murgilduta badabil ere, hurrengoan pentsatzen ari da. «Musikariok zerbait ateratzen dugunean guretzako zaharra da, prozesua aspaldi hasi zelako. Orain baditut lantzen hasi nahi ditudan kanta berriak, horregatik datorrenak ilusio egiten dit eta konposizioan sartzeko gogoekin jarraitzen dut».
Gustura sentitzen da egiten ari den lanarekin, «mundu honetan nire lekutxoa badudala sentitzen dut. Ikusten dut jendeak ondo hartzen duela egiten dudan musika, hemen eta hemendik kanpo ere. Eta oso polita da euskara ulertzen ez duen jendearekin musikaren bidez konektatzea. Hau beste artista askorekin gertatzen ari da eta oso polita da. Musika hizkuntza internazionala da eta ez dugu zertan ulertu beharrik letra».
Etorkizunera begira, eguneroko erronkekin «pozik» eta «asko disfrutatzen» ari bada ere, Sara Zozayak badu desio berezi bat: «Egunen batetan Japonian euskaraz kantatzea».