«Maila goren-goreneko» programa eramango du Landarbaso Abesbatzak Balira
Errenteriako taldeak uztailaren 25ean Asia Grand Prix lehiaketan parte hartuko du
I. Altuna
Donostia
Larunbata, 15 uztaila 2023, 18:22
Landarbaso abesbatza Balin (Indonesia) egingo den Asia Grand Prix lehiaketa ospetsuan izango da uztailaren 25ean. Taldeko zuzendariaren hitzetan, «erronka handia da», abesbatza Filipinetako, Indonesiako, Taiwango eta Malasiako talde handien aurka arituko baita, dio Iñaki Tolaretxipik. Lehenengo saria lortuko balu, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen historiako lehen euskal abesbatza izango litzateke, eta horrek eragin izugarria izango luke, bai taldearen ospean, eta baita euskal musika eta kulturaren hedapenean ere.
Aste honetan bertan, Goizane Álvarez Kulturako diputatuak eta Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak xehetasunak eman dituzte Balin egingo den Asiako lehiaketa ospetsuari buruz. Diputatuk gogorarazi zuenez, «Kulturak eta musikak lehen mailako ekarpena egiten diote Gipuzkoaren nazioarteko proiekzioari eta irudiari».
Landarbaso Abesbatzako 38 abeslari joango dira Balira, eta «maila goren-goreneko» programa bat prestatu du taldeak topaketa honetarako, hainbat garai eta musika estilo biltzen dituena. Gure folklorean famatuak diren harribitxi batzuk barne hartzen ditu, hala nola Jesus Guridiren 'Akerra Ikusi' abestia, eta euskarazko beste lan modernoago batzuk, esaterako, Javier Busto Hondarribiko konpositorearen 'Ametsetan'. Tolaretxipiren esanetan, lehenengo saria lortzeko apustu handienetako bat, zalantzarik gabe, 'Atsalums' da, Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gazteak idatzitako pieza, «benetan miresgarria musika-konposizioak duen konplexutasunagatik eta hori abesteko behar den ahots gaitasunagatik».
4.000 abeslari
Asia Gran Prixeko finala uztailaren 25ean izango da Baliko Balai Budaya 'Giri nata Mandala' delakoan. Landarbaso Abesbatzarekin batera hartuko dute parte finalean Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzek, Indonesiako PSM Swara Wadhana; abesbatzak, Taiwango Tamkang Fluxingers delakoak eta Malaysiako Men´s Chorus izenekoak.
Guztira 14 herrialdetako 4.000 abeslarik parte hartuko dute Indonesia Choir Festival jaialdian eta Landarbaso Abesbatza hiru kategoriatan lehiatuko da: folklorea, abesbatza mistoak eta erlijio musika. Azken horretan, hain zuzen ere, abesbatzak Lorenzo Donatiren 'Sicut Cervus' interpretatuko du berriro, lau ahotsetan. Lan horrekin sari nagusia lortu zuen iaz Proventzako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan.
Indonesiaruntz irten aurretik, errepertorio bera eskainiko dute igandean, uztailaren 16an, Errenteriako Maddalen basilikan 20:00etan eskainiko duten kontzertuan.