Luis Liz Marzán Ikerbasque irakaslea honoris causa doktore izendatu du Anberesko Unibertsitateak
Berriki hark egindako lanaren zati handi bat nanopartikulen aplikazio medikoekin lotuta dago
I. A.
Donostia
Sábado, 1 de abril 2023, 12:00
Anberesko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu du CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasle Luis Liz Marzán, «nanopartikula metaliko plasmonikoen sintesian, karakterizazioan eta aplikazioan duen esperientzia aitortzeko». Anberesko Unibertsitateko irakasle Sara Balsek, Liz Marzán irakaslearen izendatzaileak, adierazi duenez, «Luis aitzindaria eta zientzialari liderra izan da bere arloan». Belgikako erakundeak nabarmendu duenez, gainera, «Liz Marzánen ikerketak gaixotasunen detekzio goiztiarra errazten du».
Anberesko Unibertsitateak saritzeko hainbat arrazoi azaldu ditu. Nanoplasmonikan nanopartikula koloidalak aplikatzen aditua delako aitortza du mundu mailan. Gainera, nanopartikula metalikoen sintesi koloidalaren eta karakterizazioaren aitzindarietako bat izan da. Liz Marzán nanopartikula horien morfologiaren kontrolean espezializatu da batez ere eta kontrol horrek haien propietate optikoak optimizatzeko aukera ematen du. Bestalde, nanopartikulen automihiztaketan duen esperientziagatik ere ezaguna da. Berriki hark egindako lanaren zati handi bat nanopartikulen aplikazio medikoekin lotuta dago, hala nola botikak modu kontrolatuan ematearekin eta gaixotasunak goiz detektatzearekin. «Luisengandik gehien miresten dudana da gai izan dela arlo askotan oinarrizko zientzia benetako aurrerapen bihurtzeko», gehitu du Balsek.
Egindako lanagatik sari eta aintzatespen ugari jaso dituen arren, hau da Liz Marzánen lehen ohorezko doktoretza. «Anberesko Unibertsitateko honoris causa doktoretza jasoko nuela esan zidatenean, lehenik eta behin harritu egin nintzen. Sekulako ohorea izan zen, ustekabekoa», dio CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasleak. «Aitortza honek oso balio berezia du, adiskidetasun-harreman estuak eta lankide bikainak baititut Anberesen», gaineratu du. Hain zuzen, 10 urte hauetan, Liz Marzánek eta Sara Balsek 60 lan baino gehiago argitaratu dituzte elkarrekin alorreko aldizkaririk onenetan
Ibilbide nabarmena
Lugon jaioa, Luis Liz Marzán hiri horretako unibertsitatean doktoratu zen eta ondoren, ikerketa-egonaldia egin zuen Utrechteko Unibertsitateko Van´t Hoff laborategian. Vigoko Unibertsitatean karrera akademiko luzea egin ondoren, 2012an Donostiako Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroan sartu zen, Ikerbasque ikerketa-irakasle gisa eta zentroko zientzia- zuzendari izan da 2022ra arte. Bionanoplasmonikako taldearen burua da. 2015etik, ikertzaile nagusia da Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan: Bioingeniaritza, Biomaterialak eta Nanomedikuntza (CIBER-BBN). 2022tik, Vigoko Unibertsitateko katedra batean dihardu, lanaldi partzialean.
Mundu mailan gehien aipatu diren ikertzaileen zerrendan dago, 2014az geroztik etengabe. 560 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioartean ospe handia duten aldizkarietan, eta, haiei esker, 63.000 aipamen baino gehiago jaso ditu. Bi ERC Advanced Grants entzutetsu segidan eskuratu dituen Europako ikertzaile gutxietako bat da, biak ere nanomaterialen aplikazio biomedikoekin lotuta daudenak. Hainbat sari ere jaso ditu.