Jexusmai Lopetegi lagun eta musikariekin ostiraleko kontzertuan.
Zarautz

Jexusmai Lopetegik bere azken diska aurkeztu du

Hainbat lagun eta musikarirekin kontzertua eskaini du Modelon eta orain urtebeteko atseden denbora hartuko duela jakinarazi du

Lunes, 5 de junio 2023, 17:42

«Ez da horren sinplea», horixe da hain zuzen ere Jexuxmai Lopetegi, musikari zarauztarrak ostiral arratsaldean Modelo aretoan eskaini zuen kontzertuan esan ziguna: «Ez da horren sinplea kantuak konposatu eta letrari egokitzea, grabatuak izan daitezen atontzea eta ezta jendaurrean aurkeztea ere». Pasa den abenduan kaleratu zuen 'Ez da horren sinplea' izenburua daraman bere azken diska eta diskaren aurkezpen ofiziala zen ostiralekoa. Lehen kontzertua eta daitekena, azkenengoa, atsedena hartu eta kontzertu gehiago ez baitu emango urtebeteko epean; «laister 67 urte egitera noa; joan den ekainetik jubilatuta nago musika irakasle lanetik eta musikari gisa ere lasaiago hartuko ditut gauzak», dio berarekin mantendu dugun solasaldian. Bitartean Zart kolektiboaren eskutik argitaratutako 'Ez da horren sinplea'-rekin gozatu ahal izango dugu; diska Garoan aurki daiteke.

Publicidad

Bakarrik konposatutako kantuak, lagunen laguntzaz atondu eta grabatuak, lagunekin eta lagun artean aurkeztu zituen ostiraleko ordu eta erdiko emanaldi ederrean. Hogeiren bat kantu eskeini zituen. Errepertorioan: 'Hartutako zidorra', 'Pauso luzera', 'Sinplea', 'Dantzari bakartia', 'Hondarreko eguna', 'Laua', 'Ez diren gauzak' eta beste hainbat abesti, eta bukaeran, sorpresa gisa 'Zarautzen' abestia.

Musikari eta lagunak

Eszenatokia txiki gelditu zen bertan lagun izan zituen musikariak hartzeko. Maila handi eta ibilbide luzeko musikariak: Zarauztarrak gehienak baina baita bere ibilbide luzean lagun izan dituen beste batzuk ere. Modelo aretoa entzulez gainezka izan zen, Jexuxmairen zortzigarren bakarkako ekoizpenaz gozatzeko irrikitan, eta benetan gozatu zutela erakutsi zuten, kontzertu amaierako txalo zaparradari jaramon egiten badiogu.

Kontzertuak denetarik izan zuen: jazz ukitua zuten kantuak, intimoagoak ziren beste batzuk eta nola ez, baita hain bereak dituen rockeroagoak ere. Letren aldetik, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia eta Anjel Lertxundi izan zituen bidelagun. Enzule gisa ere bertan egon ziren aipatutakoak, beste askoren artean.

Naiz eta egungo musika munduan arrakasta gazteei dagokiela onartu, Zarauzko musikarien 'Hall of Fame'-ean lekua duela erakutsi zuen Jexusmaik eta, festa on guztiek merezi duten moduan, 'Txinpun' batekin kontzertua amaitu eta lagunekin «azeituna bat eta lau baxoerdi» hartzera joan zen.

Publicidad

Jexusmai ez da edonor; ibilbide luzeko musikaria dugu; 14-15 urterekin hasi zen, futbolean Aritzbatalden jokatu eta gauetan Euromarren abesten zuen; Sasi musika taldearekin ere, 1976tik 1984ra Musika Plazan fijoak ziren, baina musikari profesional bezala Akelarre taldean sentitu zen. Zortzi urtetan jardun zen, urtean 120 emanaldi eskainiaz. Orain merezitako atsedena hartu du, nahiz dioen bezala «beti dago egitekorik; digitalizazio arloan lana dut oraindik egiteko».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad