Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Iñigo bere dorretxe ondoko zineman

Irailaren 27an gertatu zen Loiolan sekula gertatu izan ez zena hainbat eta hainbat mendetan, bi milurtekotan

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 3 urria 2021, 12:31

Comenta

Irailaren 27an gertatu zen Loiolan sekula gertatu izan ez zena hainbat eta hainbat mendetan, bi milurtekotan.

2021eko irailaren 27an gertatu zen. Santuen izendegian honako hauek agertzen diren egunean: Pauleko Bixente, Farako Bonfilo eta Milango Cayo.

Hasita ziren, ordurako, Inazio gure patroi handiaren konbertsioaren inguruko ospakizunak. Duela 500 urte, Loiolako Inaziok soldadu izateari utzi zion eta Jainkoarenganako bideari heldu.

Hasita ziren bai, 2021eko irailaren 27 hartan IgnatiuS00 lelopean Inazioren Ibilbidean barna egingo diren Topaketak, Mintegiak, Ikerketak, Gogo-jardunak, Pelegrinajeak.

Akordatuko dira aurten Azpeititik Erromaraino, Nafarroako Xabier gaztelutik Japoniako uharteetaraino Latinoamerikan bertakoentzako aterpe, hangoentzako kasik paradisu ziren misioiak eraiki, fundatu, sortu zituzten haiekin; berak, Loiolako Inaziok, urraturiko bide beretik borrokalari ekin zioten apaiz balentrioso horiekin.

Basilika ondoko erretiro espiritualarentzako etxeetan ederki dakite misio horiek izan ziren lurretan, mendeak pasa eta gero, sortu zela Askapenaren Teologia. Fede horrek herriak zein gizabanakoak askatzeko proposatzen duenaren alde odola eta bizitza bera eman zituzten horiekin akordatzen ziren Loiolako zelaigunean pasa astelehenean.

Bildu ziren inguruetan Europa eta mundu osoko jesuitak. Eta jesuiten ikastetxetan estudiatutakoak. Arrimatu ziren Azkoitiko eta Azpeitiko biztanle zenbaitzu. Ez, jesuita den Aita Frantzisko ez zen bertaratu, Mexikon baitzuen hitzordua egina bertako elizarekin, bertako jainkoekin, bertako espiritualitatearekin. Gaurko sufrikarioarekin eta Konkistak utzitako mingosturarekin.

Zinemagileak ere baziren hantxe. Dorretxearen hurbil, Garate anaiaren etxe inguruetan, paseoan Arrupe hotelaren arkupetan edota Uranga jatetxeko terrazan kafea hartzen.

Zinema munduko jendea ailegatu zen irailaren 27an 1946an naziek bisitatu zuten Basilikara. Naziak Loiolan? Bai horixe. Kontu jakina da III.Reicha 1000 urte izan behar zuen inperioa zela sinesten zuten horiek miresmen osoa ziotela ezpata utzi eta gurutzea lepoan hartu zuen jaun oinaztar hari Zinema. Egileak. Argazki zuzendariak. Musikariak. Aktoreak. Ekoizleak. Filmetako irudien muntaketaren aztiak. Soinua zuzenean hartu ostean laborategian nahasi eta birsortzen duten alkimistak. Pelikuletako jantzien ardura dutenak. Denak ziren elkartu Loiolan hilaren 27an, irailaren azken astelehenean, udazkena hasi berria zela: Asier Altuna, Eneko Sagardoy, Kandido Uranga, Josune Lasa, Iker Ganuza. Hantxe ere Baztanen nobela beltzaren eta euskararen gainean eraikitako (H)ilbeltza okurrentzia paregabeko partaide diren hainbat.

Eta zergatik arrimatu zen horrenbeste jende agurgarri eta goi mailakoa Basilikara udazkenaren lehen astelehenean?

Ba sekula ezikusitakoa ikusteko grinaz, asmoz, desiraz. Inoiz ez gertaturiko balentria baten testigu, lekuko, partaide izateagatik.

2021eko irailaren 27an, estreinako aldiz 200, 300, 400 urtetan, Loiolako Basilika zinema areto bihurtu zen. Estreinakoz, aldare txit sakratua zerbaiten atzean geratu zen. Inoiz gertatu ez zena pasa zen arrats hartan Loiolan: zinema pantaila batek tabernakulua estali zuen, sagrario atzealdean utziz.

2021eko irailaren 27an, estreinako aldiz 200, 300, 400 urtetan, Loiolako Basilika zinema areto bihurtu zen

Irailaren 27an Loiolan Nafarroako Arbizun erroak dituen Imanol Rayok Iñigo izenburuko pelikula estreinatu zuen Basilikan. Imanolen iruditeria zinematografikoa berezia da oso. Berak egindakoak dira Bi Anai eta Hil Kanpaiak.

Iñigo pandemia garaian grabaturiko filma da. Ordu askoko bi egunetan filmatu zituzten pelikulak irauten dituen 90 minutuak; eta minutu horietan existitzen diren 30 plano (horietako batek 14 minutuko iraupena du…). Pandemia garaian, bai. Natura bere maiestate eta handitasun osoan zegoela aprobetxatuz. Pandemia garaian, pentsatuz gu gure baitan ginen bezala, Loiolako Inigo bere baitan, bere barrenetan gordeta izan zela konbertsio egun horietan; Iruñean kanoi bala batek zauritutako hankak kristalezkoa ematen zuela. Hausteko hain erraza zirudien kristal batekoa.

Ez zen lantalde nolanahikoa Iñigoren espiritu- esperientzia irudietan eta soinuetan kontatzeko elkartu zena. Javier Aguirre Erausok hartu zuen argiztapenaren ardura, Andrea Saenz Pereirok harrapatu behar izan zituen soinu inguruabar guztiak, gero, estudioan Xanti Salvadorrek maisuki nahasiko zituenak. Raul Perezek muntaketa aretoan kamerak hartutakoa bihurtu zuen pelikula. Javier Godino aktoreak gorpuztu zuen Konpainiaren fundatzailea; ez Konpainiarik ez fundatzailerik ez zen memento hartako Iñigo gureganatuz; ondo ulertuz George Bernanosek esandakoa: 'aurrerarako lehen pausua barrurantz egiten da beti.

Iñigo filmean hitzik ez da baina bizitzaren, hegaztien, txakurren, idien, errementari baten, egunsentiaren eta ilunabarreko soinuek, murmuruek, zaratek osatzen dute narratiba moduko zer edo zer estrainio bat, kasik suspensekoa.

Pelikula horren nazioarteko estreinaldia zela medio bildu zen jendetza Loiolan. Elkartu ziren kreaturak sekula gertatua izan ez zen hori gertatzen ikusi, sentitu, bizi nahi zutelako. Eta desira ase genuen. Eta apurka-apurka gauak ilundu zuen Basilika, zinema areto benetako bihurtu arte.

Hilaren 27an gertatu zen Loiolan. Basilika, zinema. Zinema Basilikan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iñigo bere dorretxe ondoko zineman