Huntza taldeak bere azken kontzertuan izango dituen lehen gonbidatuak konfirmatu ditu
Otsailean Bilboko Miribilla Arenan eskainiko dute, hamar urteko ibilbideari amaiera emanez
Itziar Altuna
Donostia
Asteartea, 7 azaroa 2023, 12:58
Hamar urteko zikloa itxiko du Huntza taldeak otsailean Bilbon eta azken emanaldi berezi horretan taula gainean lagun izango dituen lehen artisten izenak iragarri ditu. Honela, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia, Xabi Solano, Olatz Salvador eta Tremenda Jauria taldeek hartuko dute parte 'Azkena balitz bezala' kontzertuan, besteak beste, zuzendari artistiko lanetan Pablo Novoa izango dutelarik.
Hala ere, hurrengo asteetan talde gehiago iragarriko dituztela jakitera eman dute Huntzako taldekideek, «oholtzan izango diren lagunen zerrenda luzea izango baita». Izan ere, beraien asmoa azken hamarkadetako euskal musikaren protagonistak eta haien kanturik ezagunenak ohotzara ekartzea da, «txikitako erreferente izan direnetatik hasi eta gaur egun lagun eta erreferente diren artistetaraino. Aukera berezia izango da, horietako asko erretiratuta baitaude gaur egun», aurreratu dute.
Hamar urteko ibilbidea
Datorren urteko otsailaren 3an eskainiko dute kontzertu berezi hau, Bilboko Miribilla Arenan 20:00etan. Ia hamarkada bateko ibilbidea itxiko dute horrela, izan ere Bilbon hasi zuen ibilbidea taldeak 2014an, unibertsitate giroan. Hamar urte hauetan Josune Arakistainek (trikitixa eta ahotsa), Uxue Amonarrizek (panderoa eta ahotsa), Aitor Huizik (biolina), Aitzol Eskisabelek (gitarra), Inhar Eskisabelek (baxua) eta Peru Altubek (bateria) trikitixa doinuak eta euskara Euskal Herriko zein nazioarteko txoko askotara eraman ditutze, besteak beste Japonian eta Ameriketan egin dituzte birak. Hiru disko plazaratu dituzte, eta ezagun egin zituen kantua, 'Aldapan gora' izenekoa, YouTuben entzunaldi gehien dituen euskarazko kantua izatera iritsi da, ia 14 milioi erreprodukzio pilatuz.
Otsailean Miribillan eskainiko duten 'Azkena balitz bezala' kontzerturako pistako sarrera guztiak agortuta daude, eta gradak ireki dituzte. Sarrera hauen %80a saldua dago jada. Sarrerak huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman daude eskuragarri.