Borrar
Topaketan parte hartuko duten erakundeen ordezkariak, aurkezpen ekitaldian.

Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketa, uztailean Gasteizen

Hainbat hiztun-komunitatetako kideek haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko aukera izango dute

I. A.

Donostia

Larunbata, 11 martxoa 2023, 13:02

Comenta

Bost egunez, mundu osoko hizkuntza gutxituetako 75 hiztun gazte bilduko dira Gasteizen Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketaren (HIGA) laugarren edizioan. Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteriako zerbitzuek bultzatuta, uztailaren 17tik 21era bitarte egingo da jardunaldia. Proposamena 2011n sortu zen hizkuntza gutxituen biziberritzea eta nazioarteko komunitate ezberdinen arteko sare-lana sustatzeko helburuarekin. Hartara, hainbat hiztun-komunitatetako kideek hizkuntzen biziberritze-prozesuetan zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko aukera izango dute, bai eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko ere.

Beñat Garaio topaketaren sortzaile eta antolatzaileak adierazi duenez, «aurten, topaketa hutsa baino, elkarlan sare indartsu bat osatzeko baliatu nahi dugu eta horretarako pentsatu ditugu aurtengo ekitaldiak dituen berrikuntzak». Bada, uztailaren 17tik 21era bitarte hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, hizkuntza ekintzailetza, intersekzionalitatea, hizkuntza biziberritzeak beste aldarrikapen batzuekin izan ditzakeen alde bateratuak edota teknologia berriak.

Parte hartzaileek hitzaldi eta tailerretan esku hartzeko aukera izango dute goizetan; arratsaldeetan, berriz, giza harremanak ehuntzeko jarduerak egingo dituzte, eta gauez, proposamen kulturalez eta artistikoez gozatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, programazioan berritasunak izango dira. Alde batetik, Higa Plaza izenekoa sortu dute, film labur interaktiboen gunea, eta Uunesco HIGA aukeratu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadarekin lotutako ekitaldi ofizial gisa.

Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketan parte hartzeko interesa dutenek apirilaren 16a baino lehen eman beharko dute izena.

Hainbat erakunderen babesa

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara arloko zinegotziak azaldu duenez, «ekimenaren bidez, Gasteiz hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanean mundu mailako hiriburu bihurtuko da. Topaketarako, gogoetarako, aktibismorako, lanerako eta hizkuntza horien guztien erabilera eta berreskuratzea bultzatzeko proposamenak eta informazioa partekatzeko gunea izango da».

Gasteizko Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak, Euskarabidea, Badalab, Euskaltzaindia, EHU, Soziolinguistika Klusterra, Rise Up, Garabide, YEN/JEV, NPLD, Global Voices eta Etxepare Euskal Institutuak esku hartzen dute ekimenean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketa, uztailean Gasteizen

Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketa, uztailean Gasteizen