Gipuzkoan Gazte Tour programak bost udalerrietan eskainiko ditu saioak udazkenean
Arrasate, Zarautz, Zumarraga, Errenteria eta Hondarribian antolatuko dira musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera
I. Altuna
Donostia
Lunes, 18 de septiembre 2023, 17:51
Gipuzkoan Gazte Tour kultur zirkuituak bost saio antolatuko ditu udazkenean Gipuzkoako bost udalerritan. Musika eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera garatzen dituen programa da, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendua dagoena, eta Arrasate, Zarautz, Zumarraga, Errenteria eta Hondarribian izango da datozen asteetan, lehen mailako artistekin eta lurraldeko tokiko talentu gazteen erakusketekin.
Publicidad
Udaberrian Eibar, Ordizia, Andoain eta Tolosako udalerrietan izandako arrakastaren ondoren, udazken honetan lehen saioa Arrasaten izango da, irailaren 30ean, Monterron parkean (euria eginez gero, Amaia Antzokian eta Biteri plazan), 19:30etik aurrera. Bertan izango dira Aretxabaletako Nhil taldea, Mirua hirukotea eta DJ Kiliki Frexto.
Gipuzkoan Gazte Tour hartuko duen hurrengo herria Zarautz izango da, urriaren 7an, Munoa plazan (Gaztelekuan euria egiten badu), 19:30ean. Zumaiako Bikabi rock taldeak kontzertua eskainiko du, Kai Nakia artista gasteiztarra ere bertan izango da eta Oihan Vega aurkezlea DJ lanetan arituko da.
Zumarragara urriaren 21ean iritsiko da ekimina, Izazpi estalkira. 19:00etatik aurrera han izango dira Dlaheyzz gipuzkoar konpositore-abeslaria, baita Ofe & 4:40 (Igotz Mendez abeslariak -Hofe- eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleek -4:40- osatzen duten proiektua), Etxepe taldea eta Dj Set Sara Goxua.
Azaroaren 4an Errenteriako Lekuona Fabrikan (19:30ean) Arkano raperoaren emanaldiarekin gozatzeko aukera izango dute gazteek. Bigarren artista gonbidatua Lia Kali izango da, bere azken diskoa aurkeztuko duten, 'Contra todo pronósito'.
Publicidad
Amaitzeko, GGTk Hondarribian itxiko du edizio berri hau, abenduaren 2an, 19:30ean, Itsas Etxea auditoriumean. Herriko Skubi taldea entzuteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek, eta baita Kataluniatik etorriko den Depol artista eta Sevillako Hilario abeslaria.
Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariak adierazi duenez, «Gipuzkoan Gazte Tour-aren helburu garrantzitsuenetako bat lurraldeko artistei ematen zaien ikusgarritasuna da. Programazio bakoitzak artista erreferentzialak eta bertako artista gazteak uztartzen ditu, lurraldean daukagun talentua sustatze aldera.»
Publicidad
Edizio honetako kartela askotarikoa da, eta sare sozialetan iritzia jaso ondoren egin da, Gipuzkoako gazteen gustuak zuzenean ezagutzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión