Euskal Herriko Txistulari Gazteen II. Txapelketak 39 bakarlari bilduko ditu asteburuan honetan
Adinaren arabera, hiru kategoriatan egingo dute lehia 25 urte arteko txistulariek
DV
Donostia
Osteguna, 9 maiatza 2024, 18:56
Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren bigarren edizioa izango da asteburuan Bilbon, Aurten 39 bakarlarik eman dute izena eta formatua bi egun eta bi agertoki ezberdinetara zabaldu behar izan da. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta BilbaoMusika udal erakundeak antolatu dute elkarlean lehiaketa, gazteen artean instrumentu herrikoi hau balioan jartzeko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehenengo emanaldiak larunbatean izango dira, 10:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean, 12 urtetik beherako 18 bakarlari arituko direlarik lehen kategoriako lehiarekin. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, agertoki berean, 13 eta 17 urte bitartekoen kategoriaren txanda iritsiko da, 13 txistularirekin.
Igandean, maiatzaren 12an, BBK Salan egingo da azken kategoriako lehia, eta, 10:30etik aurrera, zortzi parte hartzaile arituko dira 18 eta 25 urte bitarteko txistulari onenaren titulua eskuratzeko. Guztira, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 39 bakarlari arituko dira.
Epaimahaia Maite Lomasek, Maite Sagastibeltzak eta Iker Larraurik osatuko dute, eta burutzapen, interpretazio, soinuaren kalitate, obraren zailtasun eta emanaldi irizpideetan oinarrituko dituzte puntuazioak.
Lehen kategorian (12 urte edo gutxiago), irabazleak 250 euro, garaikurra eta txapela lortuko ditu, bigarren sailkatuak 200 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 150 euro eta garaikurra. Bigarren kategorian (13-17 urte), 300 euro, garaikurra eta txapela izango dira irabazlearentzat, 250 euro eta garaikurra bigarren sailkatuarentzat, eta 200 euro eta garaikurra hirugarrenarentzat. Hirugarren kategorian (18-25 urte), garaileak 500 euro, garaikurra eta txapela eskuratuko ditu, biugarren sailkatuak 400 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 300 euro eta garaikurra.