Emakumeak eta kontrabandoaren arteko lotura
Hilaren 30ean, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean Baztango eta Baigorriko Udalek LABRIT Multimediaren eskutik 'Mugako ahotsak: kontrabandoaren testigantzak' dokumentala proiektatuko dute
Urriaren 15ean, Landa eremuko emakumeen eguna dela eta, Baztango Udalak ekitaldi desberdinak antolatu ditu. Lehena, dagoeneko martxan da: Elizondoko Arizkunenea kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa. Bertan, Euskara Zerbitzuak prestaturik, Baztango landa eremuko emakumeen antzinako argazkien erakusketa dago ikusgai, lanegunetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Publicidad
Bestalde, hitzordu berezia jarri dute, hilaren 30erako. Egun horretan, 'Mugako ahotsak. Kontrabandoaren testigantza' izenburuko dokumentalaren aurkezpena egingo da kultur etxean. Proiekzioa arratsaldeko 18:00etatik aurrera Arizkunenean izango da eta gero, mahai ingurua antolatu dute. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, dokumentalean «historia, euskara, landa-garapena, horien arteko harremanak, ekonomia eta memoria kolektiboa ere baden emakumeen memoria uztartzen dira, zubiak eraikitzeari eta beren komunitateen garapenean eta familiaren sostenguan presentzia handia izateari inoiz utzi ez zioten emakumeen papera aldarrikatzeko».
Kontrabadoaren gora-beherak
'Mugako ahotsak: kontrabandoaren testigantzak' dokumentala, Baztango eta Baigorriko Udalek LABRIT Multimediaren eskutik egindako ikus-entzunezko da. Egileek azpimarratu dutenez, «bi udalerriak banatzen dituen muga administratiboaren bi aldeen garapen ekonomikoan eta harremanen garapenean berebiziko garrantzia izan duten emakume eta gizonen lekukotasuna jasotzen du elkarrizketa formatuan. Hala ere, emakumeen ekarpena ezkutuan egon da neurri handi batean, ikusezin kontakizun ofizialetan. Proiekzio honen helburua da haien ahalegina, ausardia eta gaitasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea, zubiak eraikitzeko muga batek banandutako bi komunitateren artean, baina bizikidetzak eta eguneroko partekatzeak elkartuta».
Dokumentalaren aurkezpen saioak mahai-inguru bat ere izango du eskaintzen duten egunean eta bertan Joxepi Miurak eta Mari Karmen Auzkik, elkarrizketetako protagonistetako bik, euren esperientzia pertsonalak partekatuko dituzte. Elixabet Etxandi ere bertan izango da, gaiari buruzko landa-ikerketa lana egin baitzuen, errealitate horri buruzko ikuspegi aberasgarria emanez. Mahai ingurua Marijo Garmendia kazetariak dinamizatuko du, eta elkarrizketa eta publikoaren parte-hartzea erraztuko ditu.
Antolatzaileek diotenez «ekitaldi honen helburua ez da soilik emakumeek mugaren bi aldeetako familia aunitzen biziraupenerako funtsezkoa izan zen jarduera batean izan zuten papera gogoratzea eta bi haranetarako diru-sarrera eta merkataritza iturri garrantzitsu hau mahai gainera ekartzea. Kontrabandoak, behar ekonomikoa izateaz gain, Baigorri eta Baztango herrien arteko elkartasun sareak ehundu zituen, ezarritako oztopoak oztopo, komunitateek bat eginda mantentzen jakin dutela erakutsiz».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión