EHUk irailaren 12an ospatuko du ikasturte berriko hasiera ekitaldia
Euskal Herriko Unibertsitateak sarrera berriko 8.709 plazako eskaintza du 2024-2025 ikasturterako
I. Altuna
Donostia
Larunbata, 20 uztaila 2024, 17:58
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2024-2025 ikasturtea hasteko ekitaldia ospatuko du irailaren 12an Bizkaiko campuseko areto nagusian, Leioa-Erandio eremuan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektorea buru direla.
EHUko iturriek iragarri dutenez, ekitaldia 11:30ean hasiko da, EHUko idazkari nagusi Aitor Zurimendik egingo duen 2023-2024 ikasturteko memoriaren laburpenarekin. Ondoren, ikasturte hasierako hitzaldiak izango dira. Hasteko, Tifanie Briaudeau Plentziako Itsas Estazioko CBET taldeko kideak 'Veni, Vidi, Crevi: Nire ibilbidea Plentziako Itsas Estaziora' izenburuko hitzaldia eskainiko du.
Jarraian, 'Ozeano deitu beharko litzatekeen planeta' izango du hizpide Ionan Marigomez Biologia Zelularreko katedradun eta Plentziako Itsas Estazioko zuzendariak. Mintzaldiekin bukatzeko, Eva Ferreirak eta Imanol Pradalesek hartuko dute hitza, eta ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Abesbatzaren emanaldiarekin bukatuko da.
Osasun arloko graduak, eskatuenak
2024-2025 ikasturterako, Euskal Herriko Unibertsitateak sarrera berriko 8.709 plazako eskaintza du. Kopuru hori iazko ikasturtekoa baino zertxobait handiagoa da. Eskaintza honetarako, aurretiko izen-ematea egiteko 20.000 eskaera inguru jaso dira. Eskaera gehien jasotako titulazioei dagokienez, aurreko deialdiekin alderatuta, ez da aldaketa handirik izan. Izan ere, oraindik ere osasun arloko graduak dira eskaera gehien jaso dituztenak eta, zehatzago esanda, hauek: Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Odontologia eta Fisioterapia. Era berean, gehien eskatutako beste graduetako bat izan da 'Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza'.